Eguzkiren iritziz, Donostiako Udalak ezin du Mentxu Gal lorategia kafetegi baten beharretara sakrifikatu, ezta haren hobekuntza kafetegi horren arabera baldintzatu ere

Eskuinean, lehen planoan, gereziondo japoniarra. Orain biluzik dago, baina hemendik egun gutxi barru, loratuta, espektakulu hutsa izango da.

Eskuinean, lehen planoan, gereziondo japoniarra. Orain biluzik dago, baina hemendik egun gutxi barru, loratuta, espektakulu hutsa izango da.

Donostiako Udalak gaur egun Mentxu Gal lorategian indarrean dagoen arau urbanistikoak aldatzeko Plan Berezi bat sustatuko balu, orain arte bertan kabitu ez den kafetegia kabitzeko, Amarako berdegune hori jarduera hostelero pribatu baten beharretara sakrifikatzen ariko litzateke. Alferrik saiatuko litzateke, gero, jokabide hori interes publikoen ikuspegitik defendatzen.

Halaber, Udalak uste badu Mentxu Gal lorategian hobekuntzak egin behar direla, egin ditzala. Hobekuntzak egitea orain arte bere esku egon da eta hemendik aurrera ere bere esku egongo da. Esaterako, Udalak uste badu lorategia gauez hobeto argiztatu behar dela, zergatik ez du argiztatzen? Era berean, uste badu bertan hazten den gereziondo historikoa “balioan” jarri behar dela, kutsu japoniarreko proiektu baten bidez, Ernesto Gasco zinegotziak 2016an iragarri zuen bezala, zerk egiten dio traba? Izan ere, horrelako gauzak guztiz Udalaren eskumenekoak dira, eta ez dute zertan kafetegi-proiektu jakin bati lotuta egon.

KAFETEGI PROIEKTUA

Mentxu Gal lorategia Easo eta Antso Jakituna kaleen artean dago. Ezaguna da bertan hazten diren zuhaitzengatik, batez ere gereziondo japoniar eder batengatik. 1935ean, Hirohito enperadoreak edo Tokio hiriak, iturrien arabera, hainbat gereziondo oparitu zizkion Donostiari. Bada, haietako bat omen da Mentxu Gal lorategiko hori. Lorategian bada eraikin txiki bat ere, garai batean komun publikoak hartu zituena.

2016ko abenduan, Udalak hosteleriako empresario batzuei eraikin txiki hori zaharberritzeko eta kafetegi bihurtzeko baimena eman zien, baita lorategian bertan terraza jartzeko ere. Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Ernesto Gascok esan zuenez, kafetegiak gaur egun “degradatuta” omen dagoen lorategia “biziberritu” behar zuen, betiere gune horrek dituen berezko balioak errespetatuz eta, are gehiago, aberastuz.

Baina enpresarioek aurkeztu zuten kafetegi-proiektu zehatzak eraikinaren egitura aldatu eta handitzen zuen. Lorategia ere terrazaren beharren arabera moldatzen zuen. Gauzak horrela, urtebete geroago, udal zerbitzu teknikoek ebatzi dute proiektua ez datorrela bat indarrean dauden arau urbanistikoekin, ezta emandako baimenaren baldintzekin ere. Ondorioz, Udalak baimena bertan behera utzi du.

mentxu3

Udalak atzera bota duen proiektuaren zirriborroetako bat.

Udalak atzera bota duen proiektuaren zirriborroetako bat.

Alabaina, badirudi udal gobernua arauak “malgutzeko” prest egon daitekeela, kafetegia nola edo hala “kabitzeko”. Horretarako Plan Berezi bat tramitatzeko aukera aztertzen ari omen da.

Eguzkiren iritziz, enpresarioak “malgutze” horretan interesatuta egotea logikoa da, baina Udalak interes horiei men egitea ez litzateke inola ere logikoa izango.

Kafetegia bitarteko bat zela esan ziguten, degradatuta omen dagoen lorategi bat biziberritzeko bitarteko bat, betiere lorategiak dituen berezko balioak errespetatuz eta, are gehiago, aberastuz. Eguzkikook, gauza hauen aurrean beti eszeptiko samarrak izaki, ez genuen garbi ikusten (eta are gutxiago prentsan kafetegiaren zirriborroetako bat argitaratu zenean), baina tira. Alabaina, Udalak arauak aldatuko balitu kafetegia kosta ala kosta kabitzeko, ageri-agerian geratuko litzateke kafetegia ez dela inola ere lorategia biziberritzeko bitarteko bat, operazioaren helburua baizik. Eta Udala helburu hori lortzeko lorategia sakrifikatzeko prest egongo litzatekeela, interes pribatu hutsen mesedean.

MENTXU GAL LORATEGIARI EZ ZAIO EZER GERTATZEN

Mentxu Gal lorategia, arestian esan bezala, ezaguna da bertan hazten diren zuhaitzengatik eta batez ere gereziondoarengatik. Baina, gainerakoan, lorategi txiki eta ospela da, trenbide ondoan kokatutakoa. Beraz, logikoa da pasatzeko leku gehiago izatea egoteko leku baino. Gainera, egoteko leku gisa, lorategiak nekez konpetituko du justu kaleaz beste aldean dagoen Amarako parkearekin, parke hori askoz zabalagoa delako, eguzkitsuagoa delako eta haur-jolasak, komun publikoak zein beste aukerak eskaintzen dituelako. Horixe bera esan daiteke lorategitik berrogeita hamar metrora dagoen Easo plazaz.

Baina, aizue, Donostiako berdeguneen sarean lorategi eta parke guztiek ez dituzte ezaugarri berberak, ezta eginkizun edo prestazio berberak ere. Alde horretatik, Mentxu Gal lorategiari ez zaio ezer ere gertatzen, hau da, ez du inolako gaixotasun edo patologia derrigorrez kafetegia izeneko botika batekin sendatu behar denik. Ondo-ondoan dagoen Mendeurrenaren plaza ere gehiago da pasatzeko egoteko baino, eta inori ez zaio burutik pasatzen hura ere biziberritzeko derrigorrez kafetegi bat ezarri behar denik.

mentxu4Bestalde, Udalak uste badu Mentxu Gal lorategian esku sartu behar duela, sar dezala. Ezerk ez dio eragozten, orain arte ezerk eragotzi ez dion bezala. Adibidez, lorategia gauez hobeto argiztatzea komeni dela uste badu, argiztatu dezala. Halaber, Ernesto Gascok 2016an iragarri bezala, gereziondoa “balioan jartzeko” kutsu japoniarreko proiektu bat egin behar dela uste badu, egin dezala. Are gehiago, eraikina txukundu nahi badu, txukundu dezala, Izan ere, Udala bera da jabea. Komun publikoak irekitzea ere erabaki lezake, orain dela urte batzuk ixtea erabaki zuen bezala. Baina gauza hauek guztiak Udalaren beraren eskumenekoak dira, guztiz. Eta Udalak ez du zertan kafetegi-proiektu jakin baten zain egon. Gereziondoa “balioan” jartzea merezi badu, mereziko du kafetegiarekin edo kafetegirik gabe. Edo soil-soilik merezi du baldin eta kafetegiari distira emateko balio badu?

EGUZKI, 2018ko martxoa