Albistea

  • Lasarte eta Usurbil bitartean, oinezkoentzako bide segurua behar dugu

    2018-03-22
    Partekatu - Compartelo

    Screenshot_20180316-124310Trenbideak eta N-634 errepideak Usurbil aldez alde zeharkatzen dutenez, herrian oinezkoentzako hainbat pasagune arriskutsu dituzte, eta horren froga dira azken urteotan gertatu diren istripuak. Hori dela eta, kanpaina bat abiatu dute, “Puntu bltzk ez”, Eusko Treni eta Foru Aldundiari pasagune horiei soluzioa eman diezaieten eskatzeko.

    Pasagune guztietan arriskua ahal den gehien saihestea komeni da, jakina, baina Troiako puntu beltzari soluzioa ematea usurbildarrentzat bezain mesedegarria izango litzateke lasarteoriatarrentzat. Alde batetik, arriskua bera saihesteko, noski, eta, bestetik, bi herrien arteko lotura peatonal bat behingoz bermatzeko. Izan ere, gezurra dirudien arren, Usurbil eta Lasarte bitarteko lotura peatonal (eta ziklista) normalik ez dago.

    Troiako pasagunea, Lasartetik iritsita.

    Troiako pasagunea, Lasartetik iritsita.

    Lasartetik Usurbilera joateko bi bide daude: Zubieta eta Santu-Enetik barrenekoa eta Txikierdi eta Troiatik barrenekoa. Lehenengoa seguruagoa da, baina gutxi gorabehera 5,5 kilometro luze ditu (Okendo plazatik Usurbilgo plazara). Bigarrenak, berriz, batez beste 3,5 kilometro ditu. Beraz, bigarren hori da Lasartetik edo Zubietako kasko ingurutik Usurbilera joateko bide logikoena, baina Troia auzune parera iristean, oso-oso arriskutsua da, eta horrek neurri handi batean disuasorio bihurtzen du. Izan ere, oinezkoak lehendabizi trenbidea pasatu egin behar du eta, trenbidea pasatuta, zuzen-zuzenean N-634ra ateratzen da. Espaloirik ez dagoenez, bi aukera ditu: bata, errepide ertzetik jarraitzea, oso-oso arriskutsua dena, ia-ia artzenik edo bazterbiderik ere ez dagoelako; bestea, berriz, errepidea zeharkatzea eta aldapan gora hastea Kale-Zaharretik barrena Usurbilera iristeko. Azken urteotan hainbat istripu larri (joan den urrikoan Manuel Diaz hil zen) eta hamaika eskapada gertatu dira Troian.

    Berriro diogu: hau ez da normala, eta harrigarria ere bada nola urteak pasatzen joan diren Lasarte eta Usurbil bitarteko lotura peatonal eroso eta batez ere segururik bermatu gabe.

    Ba al dago soluziorik? Bai, noski. Izan ere, iaz, Usurbilgo Udalak, Eusko Trenek eta Foru Aldundiak trenbide eta errepide gaineko pasabide bat egiteko proiektu bat landu zuten. Gainera, pasabide horrek nolabaiteko luzapena izango luke, oinezkoei Ugaldea industrialdera seguru iristea ahalbidetuko liekeena. Eta Ugaldeatik herrira salto bat baino ez dago.

    Troiako arriskua saihesteko proiektuaren zirriborro bat.

    Troiako arriskua saihesteko proiektuaren zirriborro bat.

    Orduan, non dago koxka? Sosetan. Badirudi Eusko Tren badagoela bere partea jartzeko prest; Aldundia, berriz, ez. Betiko kontua: lotsagarria da nola proiektu batzuetan, “estrategikoak” diren aitzakian, ez dagoen diru-mugarik; beste batzuetan, aldiz, hau bezala oinarri-oinarrizkoak diren arren, beti zikoitz jokatu behar.

    Beraz, Troiakoan ere bultz egitea tokatuko da, eta, gure ustez, lasarteoriatarrei bultz egitea komeni zaie usurbildarrei bezainbeste.

    EGUZKI

    2

    Lehen planoan, N-634 errepidea. Atzean ikusten da trenbidea zeharkatzen emakume bat eta, pixka bat atzerago, txirrindulari bat.

    3

    Emakumea errepide ertzera iritsi da. Txirrindularia, berriz, trenbidea zeharkatzen ari da.

    4

    Biak ala biak errepidea zeharkatzeko aukera noiz izango zain.

    5

    Txirrindulariak aurrera egitea erabaki du.

    6

    Emakumeak zain jarraitzea nahiago izan du.

    7

    Orain bai. Korrika, badaezpada.


    Partekatu - Compartelo