Eguzkik antolatuta, datorren igandean, hilak 20, ibilaldi bat egingo da Ulian barrena, “Parke seguru bat denontzat” lemapean. Parte-hartzaileak goizeko 10etan abiatuko dira Ategorriatako erlojutik eta bi ordu eta erdiz gehienbat tranbia elektrikoak garai batean egiten zuen bidetik barrena ibiliko dira. Helburua, Ulia hobeto ezagutzeaz aparte, mendi horretan berriz ere ehiza baimentzeko arriskua dagoela ohartaraztea da.
2014an, aspaldiko herri-eskakizun bati bide emanez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ulia segurtasun-eremu izendatu zuen. Horren ondorioz, ehiza debekatuta geratu zen mendi osoan, Donositako zein Pasaiako zatietan.
Alabaina, 2017an, Auzitegi Gorenak partzialki baliogabetu zuen aipatutako Foru Agindua, Donostiako eta Pasaiako udalek finkatutako eta hainbat gizarte, auzo eta kirol elkarteek eskatutako babes-izaera ezeztatuz, eta Uliako parkean berriz ere suzko armak erabiltzen jarraitu ahal izateari ateak irekiz.
Atzerapauso handia litzateke, eta igandeko ibilaldiak horretaz ohartaraztea du helburu.
Igandeko irteera ez da Eguzkik asteburu honetan Uliaren inguruan antolatu duen ekintza bakarra. Larunbatean, hilak 19, Pasaiako Itsas Festibalaren barruan, Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea errebindikatzeko erakusketa bat jarriko dugu Pasai San Pedroko frontoian. Hitzaldi bat eta ipuin-kontaketa ere egingo ditugu. Hona hemen kartela, detaile guztiekin: