Albistea

  • Eguzkik salatu du Ulia dagoeneko ez dela segurtasun-eremu eta, itxura guztien arabera, Foru Aldundiak ehiza berriz ere baimenduko duela

    2018-07-16
    Partekatu - Compartelo

    uliaGipuzkoako Foru Aldunduak 2014an Ulia segurtasun-eremu izendatu zuen eta, horren ondorioz, geroztik parke horretan ehiza debekatuta egon da. Alabaina, Aldundiak plazaratu berri duen Foru Agindu berri batek izendapen hori bertan behera utzi du.

    Egia da Aldundiak Agindu berria epai bat betetzeko plazaratu duela eta, teorian, behintzat, oraindik ehiza debekatu dezakeela datorren ehiza-aldia arautuko duen Foru Aginduaren bidez. Izan ere, Ehiza Kontseiluaren azken bileran hori edo iradoki zuen Mendietako foru zuzendariak. Baina hori bezain egia da Ulia dagoeneko ez dela segurtasun-eremu; beraz, ehiza, praktika gogaikarri eta arriskutsu hori edozein parke publikotan, dagoeneko ez dago debekatuta.

    Kontuan izan Ulia Donostialdeko eta Oarsoaldeko biriketako bat dela. Milaka eta milaka herritarrek gozatzen dute Ulian, eta tiro egin gabe. Hamaika bidek zeharkatzen dute parke hau, horietako batzuk oso-oso garrantzitsuak, hala hola, GR 121, Donejakue Bidea edota Talaia. Talaian barrena soilik iaz 110.418 pertsona ibili ziren.

    27 herri-elkartek, tartean Eguzki, “Ulia parke seguru eta denontzat” izenburuko agiria sinatu dugu (*). Halaber, Donostiako eta Pasaiako udalek ideia honen aldeko mozioak onartu dituzte.

    Beraz, Aldundiak datorren ehiza-aldia arautuko duen Foru Aginduan Ulian ehiza baimentzen badu, berriz ere amore emango du ehizaren inguruko lobbyaren aurrean  eta bizkar emango die parke honen erabiltzaile gehien-gehienei. Erabiltzaile gehienak daudelako parkean ehiza debekatzearen alde, praktika horrek segurtasunik eza, arriskua, zarata eta estresa sortzen dituztelako. Alegia, ehiza parkeaz behar bezala gozatzeko oztopo delako.

    Eguzkik Aldundiari arduraz joka dezala eskatzen dio eta Donostiako eta Pasaiako udalei beraien esku dagoen guztia egin dezatela Ulian erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Herri-elkarteok, berriz, jarraituko dugu lan egiten Ulian ehiza egin ez dadin.

    Eguzki, 2018ko uztaila

    (*) Agiria honako talde hauek sinatu dute: Herri Ametsa Ikastola, San Luis de La Salle Ikastetxea, Itsas Mendi Elkartea, Fortuna Mendi Elkartea, Montañeros del Antiguo, Trintxer Mendi Taldea, Asociación Nordic Walking Donostia, Mendizaleak Herrera, Itsastarrak Mendi Taldea, Club Vasco Camping, Club Atletico Trintxerpe, Pasaia Kayak, Donosti Kayak, Asociación de Vecinos de Ulia, Jaizkibel Amaharri, SEO Donostia, Eguzki Talde Ekologista, Ugatza Ortitologia Taldea, Itsas Enara Ornitologia Taldea, Haritzalde Natura Elkartea-Ekologistak Martxan, Asociación de los Caminos de Santiago de Gipuzkoa, Uliako Lore Baratzak, Amigos de Ulia, Katubihotz, Asociación Boj, Kalapie Txirrindulari Elkartea.


    Partekatu - Compartelo