Nafarroako Gobernuak usapalaren ehiza baimendu du, Europako behin-behineko debeku-eskaerari bizkar emanda
2018-07-25
Partekatu - Compartelo
Gobernuak usapalak botatzea berriz ere baimendu du. Horrela jasotzen da datorren ehiza-aldia arautuko duen eta Nafarroako Boletin Ofizialak atzo argitaratu zuen Foru Aginduan. Erabaki hori hartuta, Gobernuak bizkar eman dio Europak espezie horren gainean eskatu duen behin-behineko debekualdiari. Beraz, Gobernuak nekez argudiatu ahal izango du ehiza-politika bioaniztasunaren defentsan eta iraunkortasunean oinarritzen duela.
Azken urteotan, usapalen populazioak krisi gorrian daudela ikusita, guk, beste elkarte ekologista eta naturzale askok bezala, debekua eskatu dugu. Nafarroako Gobernuak ez du eskaera aintzat hartu, usapalaren ehiza arautzen aitzindaria izan dela eta foru komunitatean espezie horren ehiza modu iraunkorrean egiten dela argudiatuta.
Alabaina, joan den maiatzaren 24an, Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak (NADEGek) “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” onartu zuen. Plan horrek espeziearen estatusari buruzko ezagutza zientifiko osoena eta eguneratuena du oinarri. Europako Batzordearen iritziz, planak aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko, arreta-printzipioa eta usapalen populazioaren beherakada izugarria izaten ari dela kontuan izanda”.
Planak aurreikusitako neurrietako bat behin-behineko ehiza-debekua da Europa osoan, ehiza-eredu iraunkor bat finkatzeko aukera izan bitartean. Bestela esanda: gaur egungo ehiza-eredua (adituen arabera, bi milioi ale inguru botatzen dira urtean) ez da iraunkorra. Horra hor behin-behineko debekuaren zergatia.
Planaren arabera, debekua noiz sartu behar da indarrean? Bada, 2018an bertan, eta presa guztiz logikoa da, izan ere, neurri hau “ezinbestekotzat” jotzen du, “essential”tzat jatorrizko hizkuntzan. Kontuan izan planak, neurriek duten lehentasunaren arabera, sei maila aurreikusten dituela. Bada, “essential” da lehentasun gorena duten neurriei dagoekien adjektiboa.
Honako laburpen-taula hau, guztiz adierazgarria, planaren 23. orrialdetik ateratakoa da, baina behin-behineko debekuari buruzko aipuak testu osoan zehar aurkitu daitezke:
Beraz, plana aurre-aurrean duela, Gobernuak nekez argudiatu ahal izango du berriro, ezta aitzakia gisa ere, Nafarroan usapalak “neurriz” edo “modu iraunkorrean” botatzen direla. Erabaki honek ez du zereikusirik bioaniztasunaren defentsarekin edo iraunkortasunarekin, ehizaren lobbya ez mintzeko borondatearekin baizik.