Eguzkik Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Txostena eskatu dio Oreretako Udalari Arramendin

ArramendiEguzkik apirilaren 9an Oreretako Udalari eskatu zion argitu dezala beharrezkoa ote den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-txosten bat egitea Arramendi 36. Sektorearen Plan Bereziaren lehen aldaketaren inguruan. Aldaketa horrek aurreikusitako eraikinaren erabilera aldatu zuen. Erabilera berriak eta honi lotutako jarduerak aurreko baldintzak aldatzen dituzte, eta, gure ustez, ebaluatu beharko liratekeen eragin negatiboak sor ditzakete ingurumenean. Ezin dugu ahaztu parke honek, Ondare Naturala eta Biodibertsitatea Hobetzeko eta Zaintzeko Udal Estrategiarekin bat etorriz, bere biodibertsitatea hobetzeko eta handitzeko jarduerak proposatzen dituela, eta erabilera berri horrek izan dezakeen eragin-maila ezagutzeak finkatutako ingurumen-helburuak lortzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzen lagunduko duela.

Bi hilabetetik gora igaro direnez, eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko araudi desberdinek finkatzen dituzten epeak gainditu direnez, beste idatzi bat aurkeztu behar izan genuen Udalean ekainaren 20an, indarreko legedia urratzen dela adierazteko eta duela 3 hilabete egindako eskaera gogorarazteko.

Eguzkin badakigu oraindik ibilbide luzea geratzen dela erakunde publikoek  sentsibilitate gehiagorekin jardun dezaten ingurumenaren arloan, baina  guk lanean jarraituko dugu gure ingurunearen babesaren alde.