Albistea

  • Abuztuaren 11n, manifestazio antitaurinoa Donostiako Aste Nagusian

    2018-08-01
    Partekatu - Compartelo

    donostiantitaurina2018ko Aste Nagusian zezenketen aurka egingo den manifestazioaren berri emateko, Donostia Antitaurina Orainek, Askekintzak eta Eguzkik prentsaurreko bat eskaini dute gaur Alderdi Ederren, Udaletxearen aurrean. Manifestazioa abuztuaren 11n egingo da, Aste Nagusia hasiko den larunbatean bertan. 18:00etan abiatuko da Bulebarretik.

    kartelantitaurino2018Hona hemen jendea parte hartzera animatzeko prentsaurrekoan zabaldutako mezua (*):

    Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza taldeok Donostiako zezenketekin bukatzeko helburua dugu. Honetarako hiriko eragile guztiei, abuztuaren 11n antolatu dugun manifestaldira batzera gonbidatzen zaituztegu. Geroz eta gehiago gara zezenketen aurka eta zezenen alde egiteko prest gaudenak eta entzun egin beharko gaituzte!

    Urtez urte, tradizioaren eta dibertsioaren izenean, hamarnaka zezen erabili eta erailtzen dira Illunbeko zezen plazan. Ez ditugu praktika hauek gure kulturaren partetzat onartzen, injustuak direlako.

    Zezenek aske eta erasorik jaso gabe bizi nahi dute, guk bezala. Onartezina da gizakiak, gure pribilegioez baliatuz, animaliak zapaltzea. Ezin ditugu haien oinarrizko interesak urratu, gure onura eta dibertsiorako.

    Lotsagarria da horrelako praktikak onartu eta hartu eman politikoen esku geratzea. Ez da egia ekimen pribatua denik, udal gobernu honek espresuki ematen dion sostengurik gabe zezenketak dagoeneko iraganaren kontu izango lirateke Donostian.

    Ondorioz, dei egiten dizuegu jai batzorde, elkarte, kolektibo, eragile eta norbanako guztioi gure aldarrira atxiki zaitezen eta gatazka honetan botere gutxien duenaren alde egin dezazuen.

    Batu gure borrokara, aldarria ozen entzunaraziko diegu:

    ZEZENKETARIK EZ, EZ DONOSTIAN, EZ INON!

    (*) Honako estekan, berriz, mezu bera bideoan:

    Euskara: https://www.youtube.com/watch?v=9jSS20unaig

    Gazteleraz: https://youtu.be/14cMEpmCShQ

    3logoak


    Partekatu - Compartelo