Bizkaiko Foru Aldundiak Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen proiektua onartu zuen 2003. urtean, A8 autobidearen trafiko arazoak konpontzeko helburuarekin. Proposamenak eguneko 24.000 ibilgailu aurreikusten zituen. Proiektuaren helburua autobia horretatik pasezko trafikoa desbideratzea zen, hots, Bilboko metropolian zirkulatzen duten ibilgailu guztien %6a baino ez.
Lehen zatia inauguratu zenetik zazpi urte igaro ondoren, eta eraikuntzan 800 milioi gastatu ondoren, arazoak ez dira konpondu: erabilera espero zenaren erdira baino ez da iristen, alegia, 11.500 ibilgailu egunero, eta A8 autobidean auto ilarak ohikoak dira oraindik.
Testuinguru honetan, BFAk Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea handitzea proposatu du, 4,2 km-ko proiektu batekin, Arnotegi mendiaren azpiko tunela eta Bolintxu ibaiaren gaineko 174 metroko biaduktua eraikiz. Hasierako aurrekontua 200 milioi eurokoa da, kilometroko 47,61 milioi euroko kostua, alegia.
Proiektu horrek Bolintxu haranean eragin larriak izango ditu:
Lehenik, Ingurumen Eraginaren Adierazpenean jasotzen den bezala, obrek 31 inpaktu eragingo dituzte naturan, horietako 11 larriak direlarik. Afekzio nagusiak azaleko uretan gertatuko dira, eta bereziki fauna eta florari eragingo diete. Gainera, lokatzak arrasteak, batez ere obren fasean, ur horien kalitate galera handia eragingo du.
Bigarrenik, Bolintxu errekaren gainean, 40 metroko altueran, 175 metroko bi bide eraikiko dira. Honek ekarriko du 1.900 metroko obra-bideak irekitzea, gehi 7 dekantazio-putzu eta 60 metroraino hel daitezkeen ezpondak eraikitzea.
Hirugarrenik, proiektuak eragin larria izango du floran, habitateetan eta faunan, eta arriskuan dauden espezieei eragingo die ere, hala nola, belatz handiari, baso-igel iberiarrari, Eskulapioren sugeari…; eragin horiek obretako zaratek ekarriko dituzte (leherketak, kamioi mugimenduak…), bai eta eraikitze-aldian gasak eta hautsa isurtzearen ondorioz ere. Behin obra amaitutakoan, bideetan jarriko diren 135 luminariek sortutako argi-kutsadura eta autoen joan-etorriek sortutako zarata eta isurketak izango ditugu.
Pagasarri Mendiko Plan Berezia Bilboko Udalak onartu zuen aho batez 2008an. Plan honek Bolintxu bailara Babes Bereziko Eremu izendatzen du, eta “udalerriko lekurik naturalena eta balio ekologikorik handiena duena” dela dio. Aldundiak berak Lurraldearen Plan Partzialean katalogatu zuen, biodibertsitatea kontserbatzeko interes bereziko eremu gisa. Supersur zabaltzeko proiektua herritarrek ingurumen duin eta osasungarrian bizitzeko duten eskubidearen aurkakoa da. Horregatik, atzerapen bat proposatzen dugu, hausnartzeko eta eztabaidatzeko, proiektu hau bideraezina delakoan gaudelako, bai ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik, eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere.
Horregatik guztiagatik, herritarrei dei egiten diegu urtarrilaren 26an, Arriaga arratsaldeko seietan izango den manifestaziora batu daitezen.
BOLINTXU BIZIRIK
SUPERSUR HANDITZEARI EZ PLATAFORMA