Albistea

  • Militarrek Jaizkibelgo tiro-eremuan egindako lanak legez kanpokoak direla berretsi du Pasaiako Udalak

    2019-02-10
    Partekatu - Compartelo

    2Pasaiako Udalak baieztatu du militarrek Jaizkibelgo tiro-eremura joateko pistan eginiko lanak Udalaren baimenik gabe egin direla. Beraz, legez kanpokoak dira edo, udal teknikarien txostenean irakur daitekeen bezala, “ezkutukoak”, “klandestinoak”. Gauzak horrela, ohiko prozedurari jarraituz, Udalak hilabeteko epea eman dio Defentsa Ministerioari lanon legeztatze-proiektu bat aurkezteko.

    Halaber, udal zerbitzu juridikoek berretsi dute lan hauen erantzuleak zigortzeko eskumena Foru Aldundiari dagokiola,  Mendien 7/2006 Foru Arauari erreparatuta. Kontuan izan behar da iaz, Eguzkik lanok Aldundian salatu zituenean, Aldundiak erantzun zuen ez zuela horretarako eskumenik. Horregatik, oraingoan Pasaiako Udalaren txostena eskutan, Eguzkik zigor-espedientea irekitzeko eskatuko dio Aldundiari.

    jaizkibel_ebazpenaEguzkiren iritziz, auzi honek berriro utzi du agerian, batetik, militarrek jarraitzen dutela ohi bezain prepotente jokatzen, eta, bestetik, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu batean horrelako instalazio militar bat egotea zentzugabea dela. Baina auzi honek Foru Aldundiak Jaizkibelen eta, oro har, Natura 2000 Sareko eremuetan sarri nagi edo arduragabe jokatu ohi duela ere agerian utzi du.

    Informazio osagarria

    2018ko maiatzean, Jaizkibel Desmilitarizatzearen aldeko Martxaren antolatzaileek tiro-eremuko pistako lanak salatu zituzten.

    18 16Lan hauek Jaizkibelgo Babes Bereziko Eremuaren helburuekin bat ez datozela iritzita, Eguzkik Aldundiari galdetu zion ea lan horiek egiteko baimena emana zuen eta, emana ez bazuen, ea zer egin behar zuen lurrak lehengoratzeko edota arduradunak zigortzeko.

    Adundiak irailean erantzun zuen, labur-labur, militarrek ez zutela baimenik eskatu, baina Jaizkibel Babes Bereziko Eremu izendatzen duen dekretuaren arabera, Aldundiak ez duela zertan horrelako jarduera bat baimendu.

    8 3Gauzak horrela, Eguzkik Pasaiako Udaletxera jo zuen. Udalak, txosten juridikoa eskatu ondoren, arestian aipatutako ondorioak atera ditu: lanak legez kanpokoak dira, udal baimenik gabe egin zirelako, eta Aldundiari dagokio, ezbairik gabe, zigortzeko eskumena.

    EGUZKI, 2019ko otsailean


    Partekatu - Compartelo