Uliako tiro-eremu zaharreko zabortegia garbitzeko eskatu du Eguzkik
2019-03-19
Partekatu - Compartelo
Milaka eta milaka tako pilatzen dira, urtetako jarduera baten ondorio.
Ulian tiro-eremu zaharri lotutako zabortegi bat badela salatu nahi du Eguzkik (ikus bideoa).
Basolluako tiro-eremuko beheko partean milaka kartutxo-zorro eta tako pilatzen dira, bertan urtetan legez kanpo egin zen jardueraren ondorio.
Kartutxo-zorro eta tako hauek hogei urte baino gehiago egin dituzte hor, eta inor ez da biltzeaz arduratu, ez Basollua elkartea, ezta eremuaren jabe den Udala ere.
Planeta osoan sekulako kezka dago hondakin plastikoekin, besteak beste denbora kontua baino ez delako itsasora iristea. Donostian, berriz, bada, udal eremu batean, orain dela 23 urte abandonatutako plastiko-zabortegi bat.
Eguzkik Udalari zera eskatzen dio: garbitu dezala lehenbailehen zabortegi hau, legez kanpoko jarduera baten ondorio dena eta 23 urte abandonatuta daramatzana.
Informazio osagarria
Uliako tiro-eremua XX. mendean sortu zen. Garai hartan, usakumeak botatzen zituzten. 1954an, berriz, Udalak tiro-eremua prekarioan utzi zion Basollua elkarteari plater-tiroketan aritzeko. Geroztik, milaka kartutxo-zorro, tako eta, are okerrago, berunezko perdigoi zabaldu ziren inguruetan, kutsadura nabarmena sortuz. 1996an, Uliako Auzo Elkarteak eta Eguzkik hainbat salaketa egin ondoren, Guardia Zibilak tiro-eremua itxi egin zuen. Zoritxarrez, legez kanpoko jarduera haren ondorioek hor jarraitzen dute.