Jaizkibelen sutea sortu zuten guardia zibilen kontrako epaiketarik ez
2019-03-28
Partekatu - Compartelo
Azkenean ez da epaiketarik egingo Jaizkibelen sute bat sortu zuten hiru guardia zibilen kontra, 2014ko martxoaren 10ean, Tiro Eremu Militarrean itsas bengala zahar batzuk suntsitzen ari ziren bitartean. Beraz errugabetuta geratuko dira, hasieran bakoitzarentzat urte bateko kartzela-zigorra eta isuna eskatzen bazen ere. Eta ez da epaiketarik egingo lehendabizi Fiskaltzak, gero Eguzkik eta azkenean Foru Aldundiak amore eman dutelako (1).
Amore emateko gure arrazoiak azaldu nahi ditugu. Honako hauek dira:
– Bost urteotan egin diren diligentzien bitartez, guztiz frogatutzat jo daiteke sutea salatu bezalaxe sortu zela.
– Eta horrela da Fiskaltzak lehen unetik beretik akusatzeari uko egin zion arren.
– Orain arte bildutako frogekin, sutea zuhurtziagabetasun baten ondorio izan zela nahiko garbi dago, baina ez dago garbi zuhurtziagabetasun horren larritasunak erantzuleentzako ondorio penalik izan dezakeenik (2).
– Gure bitartekoak mugatuak dira, eta horrek ere eragina izan du gure erabakian, gauzak diren bezala.
– Tiro Eremuko arduradunek (bai Armadakoek bai Guardia Zibilekoek) azaldu digute sute hura gertatu zenetik segurtasun-protokoloak zeharo aldatu dituztela.
Faktore hauek guztiak kontuan izanda, akusazioarekin ez jarraitzea erabaki dugu.
Hala ere, jarraitzen dugu pentsatzen zentzugabea dela horrelako instalazio bat egotea Natura 2000ko Babes Bereziko Eremu batean. Hori bai, Tiro Eremua erabiltzen jarraitu behar badute, egin dezatela, behintzat, gutxienezko segurtasun-neurriak hartuta. Izan ere, hori izan da gure errebindikazio tradizionaletako bat. Baina jarraituko dugu instalazio horren eraispena eskatzen, jakina (3).