Hernanin gertatutako matxura batek agerian utzi du airearen kalitatearen kontrolak gabezia nabarmenak dituela Gipuzkoan
2019-06-04
Partekatu - Compartelo
Airearen kalitatea kontrolatzeko Hernaniko Anbulategi ondoan dagoen estazioak alarma guztiak piztu zituen joan den astean, 1.336 mikrogramo sufre dioxido (SO2) neurtzera iritsi zelako.
Lau orduz, SO2ren neurketak zeharo deskontrolatu ziren eta, gauzak horrela, Eguzkikook hura salatu eta Eusko Jaurlaritzaren Igurumen Sailari azalpenak emateko eskatu genion.
Jaurlaritzak oso modu epelean erantzun du. Hori bai, argitu du neurriz gaineko zenbaki horiek ez direla isuri kimiko baten ondorio, estazioaren neurgailuen matxura baten ondorio baizik.
Eguzkikook pozten gara isuri kimiko bat gertatu ez delako, baina, aldi berean, kezkagarria iruditzen zaigu Jaurlaritzak erreakzionatzeko erakutsi duen gaitasun eskasa. Azalpenak ere propio eskatu egin behar izan zaizkio.
Gauzak horrela, beste herrietako estazioei ere errepaso txiki bat egin eta gabezia batzuk aurkitu ditugu, baita nolabaiteko utzikeria ere.
Laburbilduz: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila, Gipuzkoako zenbait eskualdetan behintzat, ez da behar bezala zaintzen ari arnasten dugun airearen kalitatea.
Has gaitezen errepasoa Hernaniko estaziotik beretik. PM 10eko neurgailuak (partikula txikiak) joan den uztailetik ez du funtzionatzen. 10 hilabete konpondu gabe! Gaur egun SO2ko neurgailua ere ez dabil. Beraz, isuria gertatuz gero, ezingo luke atzeman. Bestalde, estazio horrek, nahiz eta Hernaniko “bolborategi kimikoa” zaintzen duen, ez du neurtzen PM 2,5 (are partikula txikiagoak), ez ozonoa, ez CO, ez CO2, ez bentzenoa, ez etilbentzenoa, ez tolueno… ezta beste konpasatuak ere.
Kontuan izan Hernani dela Gipuzkoan arrisku kimiko handien duen herria eta, harrigarria bada ere, Jaurlaritzak balizko istripuak kontrolatzeko ezarri dituen baliabideak oso motz geratzen dira. Joan den astean, adibidez, lau ordu kostatu zitzaien neurgailua ez zebilela ondo atzematzea. Tarte horretan benetako istripu bat gertatu izan balitz?
Ingurumen Sailak estazio horren prestazioak hobetu eta behar bezala funtzionatu dezan bermantu egin behar du. Udalak eta hernaniarrek berme guztiak eskatzeko eskubidea dute arnasten duten airearen kalitatea ezagutzeko eta kontrolatzeko.
Baina, esan bezala, gabeziak ez ditugu Hernaniko etazioan soilik aurkitu. Usurbilgo eta Lasarte-Oriako estazioetan ere gabeziak aurkitu ditugu. Ez dute neurtzen ez PM 2,5, ez ozono, ez CO, ez CO2… Zenbaitetan ezta SO2 ere.
Erraustegia berehala martxan jarri nahi dutela kontuan izanik eta honek herritarren artean (arrazoi osoz, gainera) sortzen duen kezka ikusita, uste dugu estazio horiek aakoz hobeto ekipatuta egon beharko luketela.
Gogora dezagun, bide batez, erraustegiaren kutsadura etengabe eta zorrotz kontrolatuko dutela agindu digutela. Bada, Hernaniko kasuak agerian utzi du gaur egungo kontrola, behintzat, ez dela ez etengabea, ez zorrotza.
Lezoko estazioak, berriz, lotsa eta guzti ematen du. Izan ere PM 10 baino ez du neurtzen. Egia esan, kontrol estazio izena ere ez du merezi, joan den udan portuan gertatu zen sutean agerian geratu zen bezala.
Iaz portuan gertatutako sutea eta Donostiaan utzi zuen kezko lorratza.
Beste estazio batzuk, aldiz, osoagoak dira (Beasain, Zumarraga), baina horrek ez du esan nahi besteek hobetzea eta behar bezala funtzionatzea bermatu behar ez denik.
EGUZKI
2019ko ekainaren 4an, Nazioarteko Ingurumenaren Egunaren bezperan
P.S. Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak 18 estazio publiko ditu Gipuzkoa. Ohar honetan ageri den informazioa Ingurumen Sailaren webgunetik beretik hartu dugu. Beraz, informazio horretan akatsen bat baldin badago, Ingurumen Sailak herritarrei eskainitako informazioa akastuna delako izango da.