Eguzkik salatu du Nafarroako Gobernuak aurten ere usapalak botatzea baimendu duela, Europaren debeku-eskaerari bigarren urtez muzin eginez

usapala_debekuaEguzkik salatu du aurten ere, bihar bertan hasiko den mediaveda edo ehiza-debekualdi erdian, Nafarroan usapalak bota ahal izango direla, Foru Gobernuak bigarren urtez espezie hau babesteko ekintza-plan europarrari muzin egin diolako. Izan ere, plan horrek usapalak botatzeko behin-behineko debeku orokorra aurreikusten du.

Foru Gobernuaren erabakia ez dator bat ehiza alorrean eskumenak dituzten beste hainbat erakundek hartu dutenarekin. Esaterako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek debekua onartu dute (Gipuzkoakoak oraindik ez du aurtengo foru agindua argitaratu). Egia da, ordea, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakia bat datorrela autonomi erkidego gehienek hartu dutenarekin. Alabaina, hori bezain egia da Europar Batzordeak dagoeneko espediente ireki diola Estatu espainolari, hain justu, ekintza-plan europarrean dauden hainbat neurri sustatu ez dituelako, tartean, behin-behineko debekua.

Honelako erabakiak hartuta, Foru Gobernuak nekez argudiatu ahal izango du Nafarroan ehiza-politika bioaniztasun- eta iraunkortasun-irizpideetan oinarritzen dela.

Eguzkik, beste hainbat elkarte ekologista eta naturazalek bezala, badaramatza urte batzuk usapala babestu edo, behintzat, bota daitezkeen hegaztien zerrendatik atera egin behar dela aldarrikatzen. Gure ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko behin-behineko debekua berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

EGUZKI, 2019ko abuztuaren 14a