Albistea

  • Donostian birziklatze-tasa eskasa bada, Udalak hala nahi duelako da

    2019-11-01
    Partekatu - Compartelo

    kdkdkdkdkd

    Hiru aldiz edukiontzi gehiago dago zaborra nahastuta jasotzeko zatiki organikoa jasotzeko baino.

    Joan den astean Ekologia zinegotzi Enrique Ramos “kezkatuta” agertu zen gaikako hondakin-bilketaren tasa (% 38) oso-oso eskasa delako. Are gehiago, 2018an aurreko urtea baino % 1 eskasagoa izan zen.

    Eguzkitik salatu nahi dugu Ramosen “kezka” ez dela inola ere sinesgarria. Izan ere, tasa eskasa da Udalak hala erabaki duelako; edo, beste modu batean esanda, Udalaren eraginkortasun falta interesatuaren ondorioz da eskasa.

    “Beharbada herritarrak erlaxatu egin dira”, “beharbada datu eskasagoak dira ekonomia suspertu egin delako” eta antzekoak aitzakiak baino ez dira. Egoeraren erantzuleak dira azken 12 urteotan Donostiako Udaletxean hondakinen gaineko ardura izan duten zinegotziak.

    Urte hauetan guztietan, Eguzkik behin eta berriz esan die Díez, Jaka, Gurpegi, Oiarbide eta orain Ramos zinegotziei gaikako bilketaren arrakasta ezin dela soil-soilik herritarron borondate onean oinarritu. Aldiz, boluntarismotik harago doan sistema eraginkor batean oinarritu egin behar.

    kdkdkdkdkd

    Donostiarren % 14k soilik erabiltzen du bosgarren edukiontzia.

    Astigarragan, Usurbilen eta Urnietan hondakinen % 70 eta % 80 bitartean biltzen dute gaika. Herri horietako bizilagunek donostiarrek baino kontzientzia maila handiagoa ote dute? Ezta pentsatu ere! Bilketa-sisteman dago diferentzia, ez kontzientzia mailan.

    Horra hor Zumarraga eta Lasarte-Oria. Soziologikoki tipologia bereko herriak izan daitezke eta alderdi bereko alkatea dute. Bada, Zumarragan % 74 inguru biltzen dute gaika; Lasarte-Orian, berriz, ozta-ozta iristen dira % 40ra. Non dago diferentzia? Sisteman, jakina.

    Eguzkikook (eta beste batzuek) hamar urte daramatzagu “sistema donostiarraren” gabeziak salatzen, baina Udaletxean ez dute jaramonik egin.

    “Sistema donostiarra” boluntarismoan oinarritzen da: herritarrak askoz errazagoa du hondakinak gaika ez biltzea gaika biltzea baino.

    Zabor hahastua biltzeko edukiontzi gehiago dago gaika biltzeko baino, eta, horren ondorioz, herritarrok edukiontzi egokiaren bila gehiago ibili behar dugu.

    Ostalaritza indartsua da Donostian, eta sektore batek –hain justu, hondakin gehien sortzen duen sektoreak– ez du behar bezala egiten. Beira beharbada bai, baina Parte Zaharreko eta Groseko taberna askok eta askok gainerako ontziak organikoarekin eta errefuxarekin nahastuta botatzen dituzte.

    Etxebizitza turistikoetara, hoteletara, pentsioetara datozen pertsonek (12.000 ohe, ez da broma) ez dakite honakinekin zer egin, seinaletika egokirik ez dagoelako.

    2014an, “Let’s Go%” kanpaina egin zen. Helburua 2016an gaikako bilketa-tasa % 60ra iristea zen. 2016 atzean geratu da, 2019an gaude eta tasa % 40 ziztrin batera ere ez da iritsi. Zatiki organikoa familia donostiarren % 14k bakarrik biltzen du.

    kdkdkdkdk

    Erraustegiaren kontrako giza katea. Izan ere, gaur egun Donostian birziklatzen ez diren hondakin guztiek erraustegian bukatuko dute.

    Eguzkitik argi eta garbi ohartarazi genuen kanpaina hark ez zuela inolako oinarririk, denborak erakutsi duen bezala.

    “Sistema donostiarra”ren beste ezaugarrietako bat Estatu osoko tarifarik garestienetako bat izatea da. Azken hamar urteotan bost aldiz biderkatu da. Gainera, inork gutxik daki erreziboa behar bezala interpretatzen, ur-kontsumoarekin lotu dutelako. Organikoa gaika biltzen dutenei, berriz, 11 euro ziztrin merkeago egiten diete. Beraz, Donostian ez birziklatzea erosoagoa da eta ia-ia prezio berean ateratzen da.

    Sistema honen emaiatza eskasak agerian geratzen diren bakoitzean, soluziobide moduan “esperientzia pilotuak” iragartzen dituzte, gero hiri osoan ezartzen ez direnak. Horra hor, hondakin handiak biltzeko Intxaurronkoko “esperientzia pilotua” edo orain Añorgan iragartzen dutena.

    Laburbilduz: Donostia da, alde handiarekin gainera, Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, gainerakoen ahalegina, neurri batean behintzat, alferrikako bihurtzen.

    Donostian ez da “herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina berririk” behar, hori ere dirua zaborretara botatzea da eta. Behar dena da, behingoz, sistema eraginkor bat ezartzea.

    basuradibujo

    Zer sistema? Ez dugu sistema jakin bat seinalatuko. Izan ere, Gipuzkoan sistema desberdinak dira, eta denak dira “donostiarra” baino eraginkorragoak; den-denak. Baina, edozein sistema aukeratuta ere, indar politiko guztien oniritzia behar du; hor dago koska.

    Alderdi batzuek herritarron alferkeria hauteskunde-helburuekin sustatzen jarraitzen duten bitartean, ez da hau konponduko duen marketin-kanpainarik izango.

    Donostia Kultura Hiriburua? Bai, erabili eta botatzeko kulturarena.

    Donostiako EGUZKI, 2019ko urrian


    Partekatu - Compartelo