Albistea

  • Mendian plastiko eta kartutxo-zorro ugari dagoela ohartarazi du Eguzkik

    2019-12-23
    Partekatu - Compartelo

    Famimlia batek hiru poltsa tako eta kartutxo-zorro bildu zituen ordubetetxoan.

    Famimlia batek hiru poltsa tako eta kartutxo-zorro bildu zituen ordubetetxoan.

    Ehiza Legearen 52. artikuluak kartutxo-zorroak mendian uztea espresuki debekatzen duen arren, agindu hori ez da askotan betetzen.

    Adibidez, Oianlekun. Oianlekuko ehiza-lerroa Oiartzungo udalerrian dago, Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan, Natura 2000 Sarean. Antza denez, lerroa Bizardi elkarteak kudeatzen du.

    Duela gutxi, mendi-buelta bat egiten ari zen talde familiar batek, lurrean barreiatuta kartutxo-zorro eta tako pilo bat zegoela ikusirik,  biltzeari ekin zion.

    Ekimen txalogarri horren bidez, ordubetetxo batean, hiru poltsa bete zituzten (ikus argazkia). Horrek argiro erakusten du mendian legez kanpo utzitako kartutxo-zorro kopurua oso-oso handia dela.

    Familia horrek egoeraren berri eman zien Foru Aldundiari eta Ehiza Federazioari, baita Eguzkiri ere.

    Gauzak horrela, joan den larunbatean, hilak 21, Eguzkiko zenbait kidek Oianleku bisitatu eta familiaren salaketa egiaztatu ahal izan dugu. Oro har, ehiza-postuen barrualdea (guztira, 22 daude linea horretan) garbi dago, baina inguruetan ez da gauza bera gertatzen.

    Minutu gutxiren buruan, dozenaka kartutxo-zorro eta tako jaso ahal izan genituen postu bakoitzaren inguruan. Dirudienez, postuen barrualdea garbitzen dute, baina ez ingurua.

    7. postuan, kanpoan ez ezik barruan ere kartutxo-zorroak bildu ditugu. Baita Oianleku Hegoaldeko mairu-baratzearen barruan ere.

    7. postua.

    7. postua.

    Nota hartu behar dute, lehenik, kartutxo-zorroak uzten dituztenek, alegia, ehiztariek berek, eta, bigarrenik, ehiza elkarteak eta Foru Aldundiak.

    Kartutxo-zorroak eta takoak ez uztea ez da postu-barruetara mugatu behar. Kanpoan ere garbiketa-lanak egin behar dira.

    Eta hori Parke Natural baten barruan gertatzen ari da. Gauzak horrela, zertarako balio du babes figura horrek?

    Gizartearen zati handi bat itsasoan amaitzen diren hondakin plastikoei galga nola jarri bueltaka ari den bitartean, Gipuzkoako mendietan milaka kartutxo-zorro uzten jarraitzen dira.

    Premiazkoa da konponbidea.

    EGUZKI, 2019ko abenduan


    Partekatu - Compartelo