Esan ohi da gezurra esateko hiru modu daudela: gezurra esatea, erdi egiak esatea eta estatistika erabiltzea. Hiru moduak baliatu zituen egurraren industria ordezkatzen duen Baskegur elkartearen ordezkariak, otsailaren 10ean Gasteizko Legebiltzarrean, Ingurumen Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean egindako agerraldian (https://youtu.be/jKt4hWMaLdg).
Estatistika gezurra esateko erabiltzea baita, esaterako, adieraztea azken 40 urteetan EAEn baso-azalera (ez badugu zuhaitz-estaldura soila bezala ulertzen) handitu egin dela, edo iparralderago dauzkagun herrien aldean hemen ez daukagula hainbesterainoko monolaborantzarik, edo EAE mailan konifero eta hostozabalen artean oreka dagoela, edota baso-jabeen artean lur-jabe handirik ez dagoela esatearekin batera, EAEko sail pribatuen erdia baino gehiago, 130.000 ha, jabe ezagunik gabe uzten dituzten datuak zabaltzea. Nahikoa da Gipuzkoa edo Bizkaitik Arabara bidaiatzea bertako paisaia askoz naturalagoa dela ikusteko. Arabako baso-kudeaketak ez du zerikusirik Gipuzkoa eta Bizkaikoarekin, ez jabegoari dagokionez, ez ustiapen-ereduari dagokionez. Datuak nahastuta diskurtsoak desitxuratu daitezke, ez ordea errealitatea. Bizkaiko eta Gipuzkoako monolaborantza-ereduak ez du parekorik Europa osoan; Ipar Europan ez bezala, hemen konifero exotikoen ustiapen intentsiboa malda handietan, makina astunekin eta matarrasa eta antzeko teknika agresiboekin ez baita horrela inon egiten. Bizkaian eta Gipuzkoan landa-eremua gaixo dago, pinuaren izurriteek eta eukalipto-landaketek begi-bistako ingurumen-krisia eragin dutelako.
Egia erdia esatea da Baskegurrek jasangarritasunean oinarritutako ereduaren alde egiten duela, nola eta hiru ardatzak, ekonomia, ingurumena eta gizartea, aintzat hartzen dituelako. Ingurumen jasangarritasuna zigiluen bidez bermatzen dutela diote. Baina, ez digute esaten zigilu horien fidagarritasuna ez dagoela lurzoruan eta ingurumenari egindako kalteen baitan. Kalitatezko egurra lortzeko baliatzen dituzten zigiluek ez dute bermatzen lurzoruaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa, eta beraz, ezin daiteke onartu estrategia hori jasangarria denik. Gizarteari dagokionez, gutxi edo gehiago, lehen sektoreari basogintzak eutsi diola bota zuen Baskegurreko ordezkariak, baserriak egurrari esker mantendu direlakoan eta hein batean sektorea ere bai. Ez zuen esan, ordea, egurgintza diru publikoarekin guztiz lagundutako jarduera dela, egurrak ez baitu dirurik ematen eta emanda ere, diru horrekin ezingo liratekeelako ingurumen kalteak ordaindu. Eta hala bada, benetan basogintzak eutsi badio lehen sektoreari, orduan, ondorioztatu liteke basogintzak eragin duela egun lehen sektoreak bizi duen krisia?
Baina, gezurra, eta biribila, hauxe da: Baskegurrek planteatzen duen bioekonomia-eredua garapen jasangarriarekin bateragarria dela; basoen naturalizazioak, eurentzat abandonuak, sutea eta bestelako kalteak eragiten dituela esatea bezain faltsua. Egurra baliabide naturala eta berriztagarria da, baina haren ekoizpenaren eta prozesatze-moduaren araberakoa da ingurumen jasangarritasuna. Gueñes eta Zallan energia ekoizteko egurra erretzen duen Glefaran enpresarekin sortu den iskanbilak erakusten du bioekonomia petroleoan oinarritutakoa bezain kaltegarria edo kaltegarriagoa izan daitekeela. Bereziki, eredu horren barruan eta ekonomia zirkularraren izenean baso-ekosistemek behar dituzten elementu guztiak erauztea dutela helburu.
Agerraldi hori aprobetxatu zuten, besteak beste, fiskalitate berezia eta lurzoruaren erabilerari ezarritako baldintzengatik kalte-ordainak eskatzeko. Eta udalei natur eremuen antolaketarako eskumenik ez ematea eskatzeko ere bai. Bistakoa denez, ondo baino hobeto kontrolatzen dituzten Aldundien esku nahi dute landa eremuaren kudeaketa; eta beraz, basogintzarako eskumenak. Ez dute gizarteak eta tokiko administrazioek parte hartzerik nahi Aldundiekin dituzten harreman ilunetan.
Pinuen eta eukaliptoen monolaborantza intentsiboan oinarritutako basogintza-ereduarekin lurra galtzen eta kaltetzen ari gara. Lurra da bizitzaren euskarria, lurraren menpe dago biodibertsitatea. Orain gutxi ospatu da Lurraren eguna. Pasa gaitezen hitzetatik ekintzetara eta diseinatu dezagun, behingoz, baso-politika jasangarria. Jakintza badago, horretarako ekimenak ere bai. Borondate politikoa baino ez da falta. Hemen ere, jar dezagun bizitza erdigunean.
Aitor Leiza, Aitziber Sarobe, Edurne Huesa eta Rafa Perez
NATURKON GIPUZKOA
Gipuzkoako Natur eta Ekologista taldeen koordinakundeak Gipuzkoako 16 erakunde naturalista eta kontserbazionistak sortutako kolektiboa da Naturkon, eta natura eta ingurumena kontserbatzearen alde jokatzea eta erakundeei hala jokaaraztea du helburua. Horreterako bere kezkak helarazten dizkie botere publikoei, lege-aldaketak proposatzen dizkie, ingurumenaren eta lurraldearen alde indarrean dauden lege-arauak bete ditzatela exijitzen die eta haien aurrean salatzen ditu arlo honetan etenik gabe egiten diren gehiegikeriak.