Linea elektrikoetan hegaztien heriotzak eragozteko baliabideak eskatu ditu Eguzkik
2020-09-08
Partekatu - Compartelo
Eper-arrano bat linea elektriko batean hilik. Argazkia: SOS Tendidos Eléctricos.
Hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko eskatu die Eguzkik EAEko diputazioei.
Talde espezializatu hauen sorrera guztiz bat etorriko litzateke Estatuko Fiskaltza Nagusiak iazko abuztuan autonomia-erkidegoei igorri zien ofizioarekin. Ofizio hartan, Fiskaltzak gogorazi zien abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituela, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Hala ere, konpainiek Dekretua betetzeari behin eta berriz uko egin diote. Gauzak horrela, Fiskaltza Nagusiak autonomia-erkidegoei zigorrak ezartzeko eskatzen zien, baita elektrokutatutako hegaztien kasu guztiak Fiskaltzari berari pasatzeko ere, ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelako. Halaber, ofizio hartan, Fiskaltzak basozainen lana bikaintzat jo eta haien baliabideak hobetzea eskatu zuen.
Ingurumen-arazo larri bezain ezezagun bat
Hegaztientzat, batez ere harraparientzat, latza da linea elektrikoen arazoa; pozoien, tiroen edo auto-istripuen baino are latzagoa. Arestian aipatutako 1432/2008 Errege Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jotzen du.
Iazko irailean Anoetan, linea elektriko baten, hilik aurkitutako zikoina.
Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, babestutako 33.000 harrapari baino gehiago hiltzen dira urtero Estatuan, linea elektrikoetan. Baina Ministerioaren datuak motz geratzen dira beste iturri batzuei erreparatzen badiegu. Esaterako, Fundación de Amigos del Águila Imperialek Fundación Banco Santanderrekin landiketzan orain dela gutxi egin duen ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan urtero 192.000 eta 337.000 hegazti bitartean hiltzen dira linea elektrikoetan.
Eta Euskal Herrian? Ez dago datu zehatzik. Baina estrapolazio sinple batek agerian uzten du ingurumen-arazo handi baten aurrean gaudela, eta ez zaiola erantzun egokirik ematen ari. Ezkutatuta dago, besteak beste, administrazioek ez diotelako behar besteko baliabiderik dedikatzen. Horra gure proposamenaren zergatia.
Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmena
Arestian esan bezala, 1432/2008 Errege Dekretuak arauak ezarri zituen konpainia elektrikoek lineak egokitzeko. Konpainiek, ordea, Dekretua betetzeari uko egin diote urtetan, harik eta ingurumenaren aurkako delitua egiteagatik sententzia batzuk iristen hasi diren arte.
Testuinguru honetan, 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Iberdrolak linea elektrikoak egokitzeko hitzarmen bat izenpetu zuten.
Eguzkiren iritziz, hitzarmena oso atzeratuta dator eta eskasegia da. Oso atzeratuta dator, Dekretua onartu zenetik hamar urte luze pasatu direlako. Eskasegia da, berriz, hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsiko 250 dorre egokituko dituelako urtero datozen hiru urteetan. Alabaina, Ingurumen Sailak egin duen inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan. Beraz, hiruko erregela egin bezain pronto konturatuko gara arazoa ez dela soilik dorreak egokitzen oso berandu hasiko direla, baizik eta erritmoa bizkortu ezean 28 urte itxaron beharko ditugula 2008ko Dekretua beteta ikusi arte. Tira, 28 baino gehiago, hitzarmenean bertan Ingurumen Sailaren inbentarioa osatu beharra dagoela esaten baita. Beraz, hitzarmena eskasegia da, argi eta garbi.