Mijoa errekan beste isurketa bat egon da, aurtengo zazpigarrena
2020-10-16
Partekatu - Compartelo
Mutrikuko Mijoa auzoko bizilagunek salatu dutenez, beste isurketa bat egon da errekan. Isurketa bariku [urriak 9] arratsaldean izan zen. Agertu dutenez, erreka erabat zuritu egin zen, eta oso usain txarra zetorren bertatik. Guk ere gogor salatu dugu. Erakunde ekologistantzako, errekaren egoerak marka guztiak gainditu ditu. Izan ere, barikukoa aurtengo zazpigarren isurketa izan zen. Guk dakigunez, gutxienez, zazpi isurketa egon dira. Behin eta berriz errepikatzen den gertakaria da, eta egoerarekin nazkatuta gaude. Isurketak Mijoan ohiko gauza bihurtu dira. Eta arazoa konpontzen ez den bitartean, horri irtenbidea emateko ahalegina egiten jarraituko dugu. Beste hainbatetan modura, isurketaren jatorria Mijoako araztegian dago. Industriagunean dagoen kontserba enpresetako ur zikin industrialak garbitzeko araztegia txikiegi geratu da, eta hortik dator arazoa. Egoerari irtenbide bat emateko garaia badela uste dugu. Egun, kontrolik gabeko egoera bat ematen dela esan dezakegu. Isurketak, kalitatezkoa behar lukeen natura ingurunearen suntsiketa eragin dute, baina horretara iristeko Mijoako lantegien jabeen harrokeriaz gain, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren axolagabekeria eta komenentzia ere ezinbestekoak izan dira. Eteten ez den isurketa kutsatzaileen aurrean, Eguzkikook salatzen jarraituko dugula berresten dugu. Mijoa erreka bat da, eta ez kloaka bat.