Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboa osatu dute Donostiako olatu artifizialen proiektua gerdiarazteko
2021-03-10
Partekatu - Compartelo
Antondegi Gaina. Hemen ezarri nahi dute olatu artifizialaren proiektua.
Bizi dugun klima larrialdi egoeraren aurrean hainbat gara, hurbilekoa zaigun ingurumenarekiko ardura azaltzen dugun erakunde eta elkarteak. Hori dela eta, oso kezkagarritzat jotzen dugu Donostiako Udalak eta Wavegarden enpresak Donostian olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko iragarri berri duten proiektua. Olatu artifiziala Antondegi mendian eraikiko litzateke, Donostiako azken gotorleku naturaletako batean. Gainera, surfa era naturalean eta zeharo jasangarrian praktikatu daitekeen, kostaldetik 4 kilometrora soilik.
Lapurdiko Getariako Rame elkarteko surfistak Donibane Lohizuneko proiektuaren kontrako protesta batean.
Surf komunitatearen jasangarritasun balioen aurka doan eta ingurumenean justifikatu ezineko inpaktu esanguratsu eta bidegabea eragingo lukeen proiektu honen aurrean, hainbat erakunde eta elkarte batu eta ANTONDEGI BERDEA-OLATUAK ITSASOAN kolektiboa eratzea erabaki dugu. Kolektiboaren helburua Antondegi gune natural gisa defendatzea eta olatu artifizialaren proiektua edota ingurune hau mehatxatuko duen beste edozein egitasmo geldiaraztea da. Duela gutxi, Donibane Lohizunen, olatu artifizialen antzerako instalazio bat geldiaraztea lortu zuen ekimenaren pareko egitasmoa da honako hau.
Honako hauek osatzen dugu ANTONDEGI BERDEA-OLATUAK ITSASOAN kolektiboa: surflariek ozeanoak babesteko sortutako Surfrider Foundation Europe, Eguzki talde ekologista, Fridays for Future klima-aldaketaren aurkako mugimendua, Haritzalde eta Parkea Bizirik elkarte kontserbazionistak, Itsas Enara elkarte ornitologikoa eta Bizilagunekin plataforma. Gainera, kolektiboak, Greenpeace, Surf & Nature Alliance, SEO-Birdlife eta gehitu daitezkeen beste hainbat talderen babesa eta laguntza jaso du.
Miru gorri bat Antondegin. Miru gorria da gain honetan bizi diren espezie babestuetako bat.
ANTONDEGI BERDEA-OLATUAK ITSASOANetik gure ezetza adierazten diogu Antondegiko olatu artifizialaren proiektua garatzeari, honako hau ekarriko zukeelako:
1. Donostian geratzen diren berdegune urrietako baten bihotzean dagoen 9 hektareako nekazaritza-lurzoru naturala artifizializatzea. Are gehiago, berdegune hori, Donostiako gerriko berdearen parte izanik.
2. Hegazti eta ugaztun espezie ugariren (horietako asko babespean daude) habitata nabarmen narriatzea, eta, oro har, Antondegiko biodibertsitateari eta korridore ekologikoari eraso konponezina egitea.
3. Surfa artifizializatzea eta elitismoa sustatzea, surfaren kulturaren balioak desitxuratuz.
4. Enpresa pribatu batekin adostu ondoren eta herritarrekin inolako kontsulta edo parte-hartze prozesurik abiatu gabe, balio naturala duen jabego publikoko lurzoru baten urbanizatzea eta horren erabilera pribatua onartzea.
5. Klima larrialdi egoerarekin eta aldarrikapenarekin bateraezina den, baliabide naturalen kontsumo neurrigabea. Natura-ingurunean eragingo litzatekeen narriadurari, surfa egiteko berezko eremua den kostaldearekiko hurbiltasuna gehituz gero, proiektua jasanezintasunaren adibide nabarmen bilakatzen da.
6. Beharrizan objektiboetatik at geratzen den azpiegitura bat eraikitzea, kontuan hartuta Antondegi kostaldetik 4 km-ra dagoela eta Wavegarden enpresak, jada, Aizarnazabalen, olatu artifizialen azpiegitura bat baduela, Antondegitik 25 km-ra, alegia.
Datozen asteetan azaldutako puntuei buruzko informazio zehatzagoa eskainiko dugu. Era berean, hainbat ekimen eta jarduera iragarri eta abiaraziko ditugu Antondegi naturgune gisa defendatzeko eta olatu artifizialen azpiegitura eraikitzeko proiektua geldiarazteko.