Albistea

  • Aisialdiko itsas arrantza arautzeko dekretu-proiektu berria dela eta egingo duten protestaz

    2021-05-13
    Dekretu-proiektu berriak gehienez ere 3 hegaluze alera mugatzen du asialdiko arrantza lizentziako eta eguneko. Hori da protestaren arrazoietako bat. Argazkia: Wiki.

    Dekretu-proiektu berriak gehienez ere 3 hegaluze alera mugatzen du asialdiko arrantza lizentziako eta eguneko. Hori da protestaren arrazoietako bat. Argazkia: Wiki.

    Bueltaka ari ginen Eguzkin Estatuko Gobernua lantzen ari den aisialdiko itsas arrantzaren inguruko dekretu berria salatzeko hainbat taldek larunbatean egingo duten protestaz. Eta bueltaka ari ginen batez ere talde horiek –funtsean ontzietatik arrantzatzen dutenek– darabilten diskurtsoaren inguruan.

    Izan ere, dekretu-proiektu berriak arrantza kopuruetan murrizketa “zentzugabeak” eta “oinarri zientifikorik gabeak” aurreikusi dituela salatu dute. Eta ipini dituzten adibideen artean, honako hauek: eguneko eta lizentziako 5 hegaluze arrantzatu ahal izatetik 3 bakarrik arrantzatu ahal izatera pasatuko da, eta 5 atun mojetatik bakarrera. Eta geure baitan zera pentsatzen genuen, joño, eguneko eta lizentziako 3 hegaluze eta atun bat arrantzatu ahal izatea ere ez da hutsaren hurrengo. Arrain asko da hori senideen eta lagunen artean jateko. Ez baita begi-bistatik galdu behar irabazi asmorik gabeko arrantza dela; pieza horiek, berez, ezin direla komertzializatu. Dena dela, kopuru berriak kontuan izanda ere, gehiegitxo dirudi esateak, protestaren antolatzaileak esaka ari diren bezala, dekretu berriaren helburua dela aisialdiko arrantza debekatzea.

    Eta gogoeta horietan ari ginela, hara non Euskal Kirol Arrantzaleak elkartea ohar baten bidez protestatik desmarkatu den, beste gauza askoren artean, honako hauek esanez:

    -“Protesta arrantzale piraten kolektibotik dator, argi eta garbi. Itxuraz aisialdiko arrantzaleak diren arren, profesionalak dira, Eusko Jaurlaritzaren partetik zaintza hutsaren hurrengo dela aprobetxatuta. Eta Ogasunari iruzur egiten diote modu lotsagabean. Egunero ikus ditzakegu, ez bakarrik portuetan, baita gure kostaldeko jatetxe ospetsuetako atarietan ere, beren arrain fresko-freskoak fakturarik gabe saltzen”.

    -“Delitugile fiskal horiek dira dekretu berriaren kontra ozenen hitz egiten dutenak, aisialdiko benetako arrantzaleen ordezkaritza berenganatuta. Deba-Zumaia Biotopoa babestu nahi izan zenean, egin zuten, eta orain berriro egin dute. Ez dute arrantza edo fauna defendatzen, beren poltsikoa baizik. Poltsiko hori betetzen dute araudia errespetatu gabe arrantzatuz eta beren erkideak fiskalki parasitatuz, aisialdiko benetako arrantzaleak parasitatzen dituzten bezala”.

    Adi! Arestian esan bezala, hori guztia ez du Eguzkik esan, Euskal Kirol Arrantzaleak elkarteak baizik. Guk euskaratu baino ez dugu egin. Baina gure tzulpena halamoduzkoa izan daitekeela onartuta, baten batek iturrira jo nahi badu, klik egin beza honako esteka honetan:

    https://www.diariovasco.com/gipuzkoa/euskal-kirol-arrantzaleak-20210510103509-nt.html