Albistea

  • Aralarren ere elkarbizitza da bidea

    2021-06-06
    Partekatu - Compartelo

    Behiak tiro tiratutako lekuan ez du odol arrastorik ere.

    Behiak tiro tiratutako lekuan ez du odol arrastorik ere. Argazkia: Goierriko Hitza.

    Abaltzisketako alkateak salatutako bere behiaren heriotzari buruz, Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistetatik zera diogu:

    Harrigarria eta kezkagarria dela uste dugu tirokaturiko behiaren afera. Dena den zenbait gertakizun ulertzeko zailak suertatzen zaizkigu. Nabarmenena, behia maiatzaren 8an  hilda azaldu eta maiatzaren 28rarte jabea ez konturatzea behiak buruan tiroa zuenik.

    Gertatutakoa ikertzea eskatzen dugu eta edozein kasutan, nahitaezko heriotza izan bada, halako gertaerak onartezinak iruditzeaz gain, guk inondik ere ez ditugu lotzen alkatearen pisten aldeko jarrera eta jokaerarekin. Aralarren aldeko mugimendu ekologista eta kontserbazionista osoak ez du inoiz ekintza biolentorik bultzatu.

    Uste dugu Eguzki eta Landarlaneko ibilbideak garbi uzten duela gure kideon jokamoldea ez dela mendian eskupeta hartuta ibiltzea, alderantziz baizik, mendira pake bila joaten gara eta naturaz eta konpainia onaz gozatzera. Gure jarduera epaitegian, komunikabideetan, hitzaldi nahiz mahai ingurutan edo mobilizazio bidez izaten da, beti legezko bideak erabiliz eta hala jarraituko dugu.

    Aralarren ez da lehenengo aldia gertaera salagarriak jazotzen direna: makina, txabola eta azpiegituren suteak eta txikizioak, sastrakadien suteak, landatutako zuhaitzak sustraietatik ateratzea, abeltzainen arteko liskarrak, orain dela lau urte artzain baten aldetik ekologistoi mehatxuak eta abar.  Gertaera hauen ikerketen ondorioak ia inoiz ez dira publiko egin izan. Horregatik oraingo ikerketa publiko egitea eskatzen dugu eta nahitaezko heriotza izan bada, egileak aurkitu eta legearen arabera zigortzea.

    Bestalde, sinetsita gaude Aralarren, gizarteko beste hainbat alorretan bezala, elkarbizizta dela bidea. Beraz, elkarbizitzaren aldeko deia egiten dugu berriro, indarkeriarik gabe eta sektore guztien arteko elkarlanaren alde, zientzia nahiz ikuspegi teknikoen gidaritzapean erakundeak buru  direla, edozein asmo ezkutu behingoz alde batera utzita.

    Landarlan eta Eguzki Aralarren, 2021eko ekainaren 5ean.


    Partekatu - Compartelo