Arraste pelagikoa, sarraskiak jarraitzen du

Ondarroako portua. Argazkian ikusten diren ontzi guztiak pelagikoak dira, ezker-ezkerrean partzialki ikusten den ontzi txiki urdina izan ezik.

Ondarroako portua. Argazkian ikusten diren ontzi guztiak pelagikoak dira, ezker-ezkerrean partzialki ikusten den ontzi txiki urdina izan ezik.

EGUZKItik aurten ere deitoratu behar dugu arraste-ontzi pelagikoak gure kostaldean dabiltzala. Urtetik urtera gero eta gehiago dira, gainera.

Izan ere, ostegun honetan, hilak 5, HAMABI pelagiko irlandar zenbatu ditugu Ondarroako portuan. Hau onartezina da, urtetik urtera marka hautsi nahi dutela dirudi. Den-dena suntsitzen ari dira.

Sare pelagikoen erabilera debekatuta dago bai Espainiako bai EAEko uretan, arrantza mota honek den-dena harrapatzen duelako eta, ondorioz, deskarte handia sortzen duelako. Beraz, ez da jasangarria, arrantzalekuak eta ekosistemak agortzen ditu.

Azken batean, arrantza mota hau bi ontziren artean inbutu moduko sare bat arrastatzean datza. Kontuan izan behar da sare-inbutu hauek oso-oso handiak direla. Futbol-zelai baten neurriko ahoa ere izan dezakete. Eta, jakina, bidean aurkitzen duten guztia harrapatzen dute, bai espezie objetivo komertzialak, bai espezie ez-komertzialak, bai espezie babestuak ere, hala nola, dortokak, izurdeak eta beste. Harrapatutako asko deskartatzen da, komertziala ez delako, sareetan denbora gehiegi pasatu delako edo azpian egonda zanpa-zanpa eginda geratu delako. Eta deskarte hori guztia berriz ere itsasora doa, hilik baina.

pelagikoa3

Argazki hauek ere Ondarroako portuan ateratakoak dira, baina ez guk, baxurako arrantzale batek baizik. Pelagikoekin harrapatutako hegaluzeak dira.

Argazki hauek ere Ondarroako portuan ateratakoak dira, baina ez guk, baxurako arrantzale batek baizik. Pelagikoekin harrapatutako hegaluzeak dira, eta ez dute, ez, itxura onik.

Kantauriko arrantzaleek, aldiz, hegaluzeak kanaberaz edo xaxian harrapatzen dituzte, artisau-tresnez, alegia. Horrela, aleak banan-banan arrantzatzen dituzte, deskartea saihestuz.

Lehengo egunean, artsiau-ontzien tripulazio erdia ere ez duten pelagiko bikote horietako batek 90.000 kilo hegaluze baino gehiago deskargatu zituen Ondarroan. Pieza gehienak birrinduta zeuden. Kiloa 2-3 euroan salduko zieten Urlapesca eta Ondarroa19 elkartea bezalako handizkariei. Ondoren, Kofradiatik igaro ere egin gabe, merkataritza-gune ezagunetara eta “gure” kontserba-fabrika gehienetara joango ziren. Fabriketan latetan sartu eta dendetan kiloa 16-21 euroan salduko dute, kanaberaz banan-banan arrantzatutako hegaluzea balitz bezala, noski. Sare pelagikoz harrapatutako hori hegaluzea da, bai, baina ez du zerikusirik kanaberaz harrapatutakoarekin, ez kalitateagatik, ez itsasoarekiko eta itsas faunarekiko errespetuagatik, ez, oro har, bataren zein bestearen atzetik dagoen aztarna ekologikoagatik.

Pelagiko bat aste honetan, portuan bertan bodega garbitzen edo. Zikina ere nolanahi irentsi behar al dugu?

Pelagiko bat aste honetan, portuan bertan bodega garbitzen edo. Zikina ere nolanahi irentsi behar al dugu?

Baina gure kostaldean pelagikoekin arrantzatzea debekatuta badago, zer egiten dute arraste-ontzi hauek, gehienak frantsesak eta irlandesak, gure portuetan? Teorian, nazioarteko uretan jarduten dira, europar legediaren anparoan, nahiz eta batzuetan kostatik 12 miliatako muga ere gainditzen duten, hau da, legea urratzen duten.

Gauzak horrela, konpromiso handiagoa eskatzen diegu Espainiako eta EAEko administrazioei. Gure ustez, deskarteekin, kuotekin, deskargatzeko aldez aurretiko abisuekin eta lonja-pasatzeekin zorrotzago jokatu beharko lukete. Halaber, EAEko administrazioari eskatzen diogu trazabilitatea bermatzeko, hegaluzea non arrantzatu den, nola, zein ontzik arrantzatu duen eta zein portutatik datorren argi eta garbi identifikatuz.  Bai freskoan, bai latetan, eta laten kasuan arrain freskoa edo izoztua erabili den zehaztuz. Eta informazio hori kontuan izanda, kontsumitzaileak aukeratu dezan nolako arraina erosi nahi duen.

Horrela, kontrol zorrotzagoa balego, pelagikoei eta handizkariei murriztuko litzaieke gure portuetan negozio egiteko aukera.

Trazabilitatea bermatzea arrantzaleen aldarrikapen nagusietako bat ere izan beharko litzateke, gure uste apalean. Eta kontsumitzaileona, jakina, funtsezkoa baita kontsumitzaileok arraindegian egitea itsasoan modu jasangarrian harrapatutako hegaluze horren alde. Kontzientzia-kontua.

Esan dezagun, bide batez, arrantza “olinpikoa” deritzona (“iristen den azkena ergela da” esaldian laburbildu daitekeena) akats bat iruditzen zaigula. Batetik, arrantzaleak zukutzen ditu, orain dela urte batzuk baino denbora erdian arrain kopuru berdintsua harrapatzera behartzen baititu. Bestetik, kuota bi hilabete eskasetan kontzentratzen du, ohiko kontsumo-garaia nabarmen murriztuz. Horrek erosle handien boterea areagotzen du.

Argazki hau ere Ondarroan ateratakoa da. Pelagikoekin harrapatutako ezpata-arrainak. Ezpata zerratu diete, noski.

Argazki hau ere Ondarroan ateratakoa da. Pelagikoekin harrapatutako ezpata-arrainak. Ezpata zerratu diete, noski.

Egun gutxi barru, Kantauriko arrantzaleek kupoa agortuko dute. Hortik aurrera, pelagikoek bakarrik jarraitu ahal izango dute arrantzan. Beraz, gure etxeetan eta ostalaritzan kontsumituko den hegaluze freskoa pelagikoa izango da, ez euskal arrantzaleek banan-banan arrantzatutakoa. Ulertezina.

Gustatuko litzaiguke Arrantza kontseilariordeak eta Arrantza zuzendariak hemen aipatu ditugun puntu hauek guztiak kontuan hartzea hegaluzearen kanpainaren balantzea egiten dutenean.

Aurten Ondarroak lonja berria estreinatu du, baina garbi dago ohitura txarrak mantentzen direla.

SARE PELAGIKORIK EZ!

Eguzki, 2021eko abuztuaren 6an

Kartel honetan ageri da iaz atera genuen argazki bat, pelagiko bat deskarga egiten ari zen bitartean.

Kartel honetan ageri da iaz atera genuen argazki bat, pelagiko bat deskarga egiten ari zen bitartean.