Albistea

  • AHT Nafarroan: gainean pixa egiten digute eta euria ari duela diote

    2021-09-19
    Partekatu - Compartelo

    AHT Elkarlana

    Beldur ginena gauzatu egingo da: Covid osteko berreskurapenerako Europako funtsen zati handi bat AHTaren Nafarroako korridorean inbertituko da. Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministerioak 145,5 milioi euro bideratuko ditu azpiegitura hori erreskatatzeko. Horietatik 105,5 milioi Tafalla eta Campanas arteko plataforma eraikitzeko erabiliko dira, eta beste 40 milioi 0 zatirako, hau da, AHTa Bilbo-Zaragoza ohiko linearekin Ebroren gaineko zubibide baten bidez lotzeko. Horrez gain, Etxabakoitzen proiektaturiko AHTaren geltokia auzoko UGPSetik kanpo geratuko dela iragarri dute, egitasmoa moteltzen zuen oztopoa. Horrek esan nahi du kosta ahala kosta Castejón – Iruñea zatia amaitu nahi dutela, eta gero gerokoak…. Gertaera burutuen politikak aurrera jarraitzen du.

    Covid osteko berreskuratze-funtsak iruzur handia dira berez, ez baitute ezer laguntzetik. Horietako asko datozen urteetan handituta itzuli beharko ditugu, eta horiek onartzeak murrizketa batzuk ekarriko ditu 2008ko krisian murriztutako sektoreetan, hala nola osasunean, hezkuntzan, pentsioetan, gizarte-politiketan, ohiko trenean eta gainerakoetan. Hori larria bada, are larriagoa da sektore horien guztien beharrak asetzeko erabili beharko litzatekeen diru hori AHTa birflotarazteko erabiltzea. Gainera, suposatzen da funts horiek ingurumenaren kalitatea hobetzeko erabili beharko liratekeela, okertu beharrean.

    Beraz, kapitalaren aurreranzko hiesaldi baten aurrean gaude, eta horrek pairatzen ari garen krisi ekologiko, ekonomiko eta soziala bizkortuko du. Izan ere, Nafarroa eta oro har, Euskal Herriaren historian izan den azpiegiturarik suntsitzaileena, xahutzaileena eta antisozialena erreskatatzen ari dira.

    Banku lukurariak, hormigoiaren lobbyak eta klase politiko manipulatzaile eta ustelak oso pozik egongo dira AHTari emandako bultzada honekin. Bada garaia herri-klaseok lotsagabekeriaren aurrean matxinatzeko, eta aski dela ozen oihukatzeko! Etorkizuna jokoan dago eta ezin dugu iruzur berri hau onartu.

    image.jpeg

    NAFARROA


    Partekatu - Compartelo