MUGA eta MAGNA: Nafarroako klima-borrokaren adibide txarrak
2022-08-05
Partekatu - Compartelo
Erdiz parajearen bista orokorra. Artesiagatik gertu dago, eta Magna SA enpresak magnesiten meategi berria instalatu nahi du bertan.
Argi dago Nafarroan garapena eta aurrerabidea sustatzeko nahitaezkoa dela jarduera ekonomikoa ezartzea bertan. Baina berotegi gasen isuriak premiaz urritu beharra dagoen honetan, horretarako konpromisoa aintzat hartuta hautatu behar litzateke zer jarduerari bide eman.
Izan ere, mintzagai ditugun bi meatzaritza proiektuek, berotegi gasen isuriak nabarmen gehitzeaz gainera, atzerapauso bat ere badakarte Nafarroako lehen sektorearen helburuetan. Hala estatuan nola munduan, intentsibo bihurtzen ari da nekazaritza eta abeltzaintza eredua, eta hain justu eredu horixe betikotzeko sortuak dira bi proiektu horiek —esportazioa dute merkatu nagusia—. Eredu hori, ordea, aldatu beharra dago hemendik 2030era, eta zer esanik ez hemendik 2050era, zeren urte horretarako isuriek zero izan beharko baitute.
Muga meatzeak, zeina Geoalcalik sustatua baita, potasio gatzak aterako ditu, gero hortik potasa lortzeko: nekazaritza intentsiboan lursailak ongarritzeko erabiltzen den N-P-K formula horretako potasioa, alegia. Eredu hori oso lotua dago meatzaritzari eta erregai fosilei. Formula horretako nitrogenoa (N), hain zuzen, gas naturalaren erabilerarekin lotuta dago; fosforoa, berriz (P), arroka fosforikoaren meatzaritza erauzketarekin; eta gure potasioa (K), potasaren meatzaritza erauzketarekin. Meatzaritzan eta haren teknologian, erregai fosil ugari erabiltzen dira, erauzketatik hasi eta prozesamenduraino, eta oraindik ez da biderik aurkitu esparru horretan halako erregaiak erabiltzeari uzteko. Gainera, sektorearen helburua esportatzea denez, aurreko guztiari gehitu behar zaio materiala portu nagusietara garraiatu behar dela. Industria instalazioak eta haien labeak Zangozako eskualdean jarriko dituzte.
Nafarroako planifikazio energetikoan eta estrategikoan, ordea, Horizonte 2030 izeneko dokumentuan, jasoa dago abeltzaintza eta nekazaritza ereduaren %25ek ekologikoa izan beharko duela urte horretarako, eta ez duela erabiliko N-P-K formula hori; alegia, erregai fosil gutxiago kontsumitu beharko da halako mineralak erauzi, prozesatu, garraiatu eta erabiltzeko orduan. Garrantzitsua da, estrategikoa esango nuke, datu hori aztertzea.
1996an, Nafarroan nekazaritza eta abeltzaintza lurren 700 hektarea zeuden ekologiko izendatuta; 2021ean, berriz, 60.000 hektarea pasatxo. Urrats handia ematen du, eta bada, baina, berez, izendatutako lurren ia %80 larre naturalak dira, betidanik halakoxeak izan direnak: alegia, haietan ez da inoiz ongarririk erabili, eta ez dira inoiz modu intentsiboan kudeatu. Izendatutako hektarea horietatik guztietatik, %6 baino ez dira zerealetarako, eta, zerealen arloko jardun osoa kontuan hartuta, 2021ean jorratutako 190.000 hektareen %2 baizik ez da. Eta, nekazaritzan eta abeltzaintzan isuriak gutxitu nahi baditugu, premiazkoa da modu intentsiboan kudeatutako jarduera eraldatzea eredu ez hain kutsagarri bat hartzeko, hala nola eredu ekologikoa. Ez du ezertarako balioko ekologiko izendatzeak gehienbat aurrez berotegi gasik isuri ez duten larreak. Sektore horretan egiaz berotegi gasak gutxitu eta eredu hori eraldatzeko, bene-benetan intentsiboa den eta berotegi gasak isurtzen dituen eredua eraldatu beharra dago.
Magnaren Erdiz meatzean, magnesio karbonatoa atera eta prozesatzeko industria hedatu asmo dute, magnesita lortzeko. Magnesio horren %40 nekazaritza eta abeltzaintza intentsiborako erabiltzen da gero berriro. Geoalcaliren proiektua berria da lurralde honetan, baina Magnak dozenaka urte daramatza Esteribarren erauzketa eredu hori erabiltzen. Zilbetiko meatzea baztertua izan ondoren, Erdizko parajearen txanda iritsi da orain. Proiektu horretan, afera da jokoan dagoela hirugarren labea ezartzea magnesio karbonatoa erretzeko, eta kontuan hartu behar da Magna lehendik badela Nafarroan berotegi gas eta gas kutsagarri gehien isurtzen duten industrietako bat —2018an, Magnarenak ziren mineral sektoreko isurien %31—. Esteribar eta Borobia (Soria, Espainia) ari dira lehian, hirugarren labe hori non jarriko. Sorian kontra azaldu da zenbait jende, eta hemen ere bai Zilbetikoaren kontra, eta, horregatik, bazirudien baztertuta zegoela proiektua. Baina berriro piztu da Erdizen, Esteribarren beste behin ere, eta Zubirin jarriko lukete labe berri hori. Jarduera horren ondorioz, berotegi gas gehiago isuriko lirateke sektore horretan, petrolioaren kokea eta gas naturala harturik energia iturri.
Meatzaritza jarduera ekonomiko hori, gainera, ez da inondik ere zirkularra. Haren produktuak, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabili ondoren, lixibiatu egingo dira, edo gure itsaso eta ozeanoetara jariatu; horrek azidotu egingo ditu urak, eta klima aldaketaren ondorioak larriagotu.
Zangozako eskualdeak eta Esteribarrek merezi dute Nafarroako Gobernuak lan egitea berotegi gas gutxiago isurtzeko helburuekin bat etorriko den jarduera ekonomiko bat ezartzeko, produktuen zirkulartasuna ardatz izango duten industria jasangarriak eta proiektu industrialak ezartzeko, etorkizun jasangarri bat bermatzeko denontzat. Agintari politiko batzuek, hala Nafarroako Gobernuko zenbaitek nola proiektu horiek eragiten dieten udalerri batzuetako alkateek, beren lurraldean ezarri nahi dituzte batere jasangarriak ez diren jarduera horiek, baina esperantza izan behar dugu ea herritarrak lurraldea antolatzen eta defendatzen hasten diren; ea, Borobian eta Zilbetin bezala, lortzen duten industria horren makineria kutsagarria geldiaraztea eta eredu ekonomiko eta industrial jasangarri bat erakartzea beren lurraldera eta Nafarroara.
Mikel Etxarte Azkarate , Ingurumen eta Nekazaritza Biologiako lizentziaduna eta Sustrai Erakuntza fundazioko kidea.
Baztango Udalerat igorritako eskutitzean Magnak jakinarazi du Erdizkop magnesita proiektua Nafarroako Gobernuan erregistratu berri duela, uztailaren 29an hain zuzen. Proiektua erregistratzearekin bat egitasmoa Foru Intereseko Inbertsioa izendatzeko eskaria egin du, baita egitasmoa Udalez Gaindiko Eragina duen Plana bezala onartzeko ere.