Babes zabala lortzen ari da Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak larunbatean, hilak 13, Donostiako Aste Nagusiko zezenketen kontra egingo duen manifestazioa, atxikimendu-zerrendan ikus daitekeen bezala: Bat egin dute – Gipuzkoa Antitaurina. Eta atxikimenduak biltzen jarraitzen dugu.
Manifestazioa 18:00etan abiatuko da, Bulebarretik.
Manifestazioa antolatu dugu aurten ere udal gobernuak, herritarron borondateari jaramonik egin gabe, Illunben zezenketak egitea ahalbidetu duelako. Udal gobernuak berak enkargatzen dituen inkesten bitartez, ondo baino hobeto daki herritarrok gai honi buruz zer iritzi dugun: zezenketarik ez!
Halaber, salatu nahi dugu udal gobernujak herri-galdeketa bat egiteko konpromisoa hartu zuela, eta ez duela inolako gogorik herri-galdeketa hori egiteko debekuak ezarri zuen oztopoa gainditzeko. Are gehiago, salatu nahi dugu debeku horren atzean ezkutatzen dela zezenketetan duen erantzukizuna saihesteko.
Tamalgarria da Donostiako gobernuak festetan animaliekiko tratu txarrak onartzea, zezenketarik nahi ez duten herritar gehienen iritziaren kontra. Egia da udal bobernuak aurten zezenketak Aste Nagusiko egitarau ofizialetik kanpo utzi dituela, baina hori ez da nahikoa. Udal gobernuaren esku dago zezenketa gehiago ez egitea eta, hala ere, jarraitzen du onartzen eta erraztasunak ematen.
Jendarte moderno batek ezin du animaliekiko tratu txarra onartu. Ez dugu amore emango historiaurreko sarraski edo odoluste hori gure herrietatik desagertarazi arte. Hori gertatzen ez den bitartean, jarraituko dugu zezenketen kontrako mobilizazioak egiten.
Horretarako sortu da Gipuzkoako Plataforma Antitaurina, hainbat gizarte mugimenduk zein norbanakok osatua, oinarri askotarikoa duena. Gipuzkoako Plataforma Antitaurina Donostian ez ezik zezenketak onartzen dituzten Gipuzkoako beste zenbait herritan ere jarduteko asmoa du.
Gauzak horrela, abuztuaren 13an, 18:00etan, Donostiako Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen dizuegu.
Halaber, 14an eta 15ean, elkarretaratzeak egingo ditugu Illunben bertan, 17:00etan. Horietan parte hartzen ere gonbidatuta zaudete, noski.
Gipuzkoaantitaurina.com webgunean ere aurkituko gaituzue, baita Facebook, Twitter eta Instagramen ere.