Albistea

  • Atzerapen berria Lezo-Donibane bidegorrian

    2022-10-17
    Partekatu - Compartelo

    Bidegorria-pintadakGipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentuak jakinarazi duenez, Lezo eta Donibane bitarteko bidegorria bukatzeko falta den zatiari ekin aurretik, zundaketa batzuk egiten ari dira, eta, gauzak horrela, eraikitzeko lanak “2023ko lehen hilabeteetan” hasteko moduan egongo omen dira. “Albiste bikain gisa” aurkeztu nahi diguten hori atzerapen berri baten konstatazioa baino ez da. Izan ere, “albiste bikain” horrek esan nahi du bidegorria 2022an ere ez dela bukatuko, ezta bukatzen hasiko ere. Egia esan, dagoeneko urrian gaudela kontuan izanik, sumatzen genuen, baina orain ofiziala da.

    Gogoratu bidegorri honen lehen zatia, Lezotik gertuen dagoena, 2017an bukatu zela. Orduan, Aldundiak esan zuen falta ziren bi zatiak 2018an egingo zirela. Bigarren zatia 2018an ez, baina 2019an egin zen. Hirugarren zatiak, berriz, Donibanetik gertuen dagoenak eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako arriskutsuena denak, egin gabe jarraitzen du. Aldundiak 2021ean sartu zuen aurrekontuan eta urte hartako urrian, obrarik ezean, iragarri zuen proiektua esleitu egin behar zuela. Horrek aditzera ematen zuen 2022an obrak egiteko edo hasteko moduan, behintzat, egongo zirela. Orain, aldiz, urtebete geroago, “2023ko lehen hilabeteetan” esaten digute. Noizbait egia izango da, noski.

    Lezo eta Donibane bitarteko bidegorriaren atzerapenak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planarekin gertatzen ari denaren isla da. Plan hori 2013ko ekainean onartu zuten aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek.

    Planak zortzi urte aurreikusten zituen, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, Lezo-Donibane bezala bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak, esaterako, Errenteria-Gaintxurizketa eta Gaintxurizketa-Irun (Katea), gure ingurukoak soilik aipatzeagatik.

    Horrela jarraituz gero, zortzi urtetan osatu behar zen sare hori, OINARRIZKO Sarea kasualitatez deitzen ez zena, beste hamabost edo hogei urte beharko dira osatzeko.

    Osasun-egoerak, energia-krisialdiak eta klima-larrialdearen inguruko kontzientziak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dioten potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena azpiegitura-falta da. Aldundiak berak 2020an udal teknikariekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta, oro har, bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin eginiko inkestak horixe dio. Agente guztiek aldarrikatzen dute “bizikleta-bideen eta herrien arteko zerbitzuen azpiegituren sareak osatzeko eta hobetzeko beharra”.

    Baina Foru Aldundiak galga emanda jarraitzen du.

    EGUZKI, 2022ko urria


    Partekatu - Compartelo