Hernaniko bidea Errekaldetik ikusita. Bidearen ezkerraldean dagoena Lore Toki da.
Abenduan gaude, urtea bukatzear da eta Errekalde-Hernani (Galarreta) bidegorriaren arrastorik ez dago, ezta Errekalde-Chillida Leku zatian ere, Foru Aldundiak 2022an eginda egongo zela iragarri zuen arren.
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, badira dagoeneko eginda beharko luketen baina oraindik egin gabe jarraitzen duten hainbat bidegorri. Horietako bat da Errekalde eta Galarreta bitartekoa, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar lukeena. Are gehiago, bidegorri-proiektu batzuei buruz, tarteka, albisteak argitaratu izan dira urteotan zehar, baina honi buruz ez. Izan ere, bazirudien Errekalde-Galarreta bidegorria Mugikortasun Depertamentuak berak zeharo ahazturik zuela, harik eta, guretzat behintzat ustekabean, lehen lerrora pasatu zen arte, antza denez, Markel Olano diputatu nagusiaren eta Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massanguéren arteko elkarrizketa baten ondorioz. 2021eko urtarrilaren 24an Messanguék berak zera esan zuen DVn argitaratutako elkarrizketa batean: “La ausencia de una comunicación más fácil es la principal barrera que aleja al museo del público. Venir aquí en bicicleta es un suicidio, no pueden pasar más camiones por esta carretera. El principal escollo para conectar con el público es la accesibilidad de Chillida-Leku”.
Handik egun batzuetara, zehatz-mehatz urtarrilaren 30ean, DVn bertan honako hau irakurri genuen (*): “El bidegorri llegará hasta Chillida Leku el año que viene” (2022an, alegia). Eta honako hauek ere bai: “El proyecto comunicará los 1,2 kilómetros que separan Rekalde de Galarreta y tendrá un presupuesto de en torno a los 1,7 millones de euros” eta “La construcción del bidegorri en este trayecto se ejecutará en el plazo de dos años, pero los técnicos del departamento estiman que para 2022 ya estará listo el tramo que llega hasta el museo”.
Egia da, ez dago Chillida Lekura bizikletaz edo oinez joateko modu segururik. Baina bidegorri horren balio estrategikoa bestelakoa da, Urumea bailarako sarea Oria bailarakoarekin eta kostakoarekin lotzen ahalbidetzea, alegia.
Bada, 2023. urtea dagoeneko ate joka dugu eta, arestian esan bezala, Errekalde-Galarreta bidegorriaren arrastorik ez dago. Eta bidegorri hau garrantzitsua da (garrantzitsua izan beharko luke, behintzat) ez soilik Chillida Lekuri zerbitzua emango diolako, jakina, baizik eta Urumea bailarako eta Oria bailarako zein kostaldeko bidegorri-sareak lotzen ahalbidetuko duelako.
Nolanahi ere, Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta honako hau horietako bat baino ez da. Kontuan izan sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo.
Gogoratu behar da 2013an Batzar Nagusiek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana onartu zutela. Plan hark zortzi urte aurreikusten zituen Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak… Errenteria-Irun, Lezo-Pasai Donibane, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Errekalde-Galarreta, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola…
Bidegorri hauek guztiek (eta askoz gehiago ere) 2021ean erabiltzeko moduan behar zuten, betiere Planaren arabera. Baina, horrela jarraituz gero, garbi dago zortzi urtetan osatu behar zen OINARRIZKO Sarea osatzeko beste hamabost edo hogei urte beharko direla. Eta beharbada motz geratzen ari gara.
Argazki hau, berriz, kontrako bidean hartuta dago, hau da, Galarretarik Errekalderantz. Nolanahi ere, garbi dago norabide batean zein bestean ez dagoela bizikletaz edo oinez ibiltzeko giro.