Albistea

  • Eta zergatik ez dira oraindik Loiolako Erriberako tren-aldalekua eraikitzen hasi?

    2023-04-21
    Partekatu - Compartelo

    Tren-aldalekuaren simulazio bat. Loiolako Erriberan bi trenbideak elkarren ondoan daude, baina bidaiariek ezin dute batetik bestera pasa. Azpiegitura berriak horretarako aukera emango du.

    Tren-aldalekuaren simulazio bat. Loiolako Erriberan bi trenbideak elkarren ondoan daude, baina bidaiariek ezin dute batetik bestera pasa. Azpiegitura berriak horretarako aukera emango du.

    Albistea izan da egunotan Ministro Kontseiluak argi berdea eman diola Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatzeari Loiolako Erriberan tren-aldalekua finantzatzeko eta eraikitzeko hitzarmena. Aldaleku honetan Topoaren (eta, oro har, Eusko Trenen) erabiltzaileak Renferen Irun-Brinkola aldiriko lineako trenetara pasatu ahal izango dira, eta alderantziz, noski.

    Horrelako albisteek ezinbestean dakarte propaganda, jakina, batez ere hauteskunde-garaian. Kasu honetan esan dute aldalekua “konponbide eraginkor eta koordinatua dela tren-zerbitzua sustatzeko eta, oro har, garraio publikoa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko”. Baieztapen hauek izan dezaketen propaganda-dosia kontuan izanda ere, gu oso ados gaude aldalekuarekin. Are gehiago, Topoaren eta Renferen Irun-Brinkola lineak lotzea oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaigu.

    Dena dela, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak proiektu honen bertuteak hain garbi badituzte, zergatik pasatu da mende laurden bat planteatu zenetik eta oraindik ez da gauzatu? Are gehiago kontuan izanik zerbitzu aldetik, inbertsio aldetik eta inpaktu urbanistiko, sozial zein ingurumenekoaren aldetik, askoz hobea dela denon gogoan dauden trenbide alorreko beste proiektu batzuk baino. Denon gogoan dauden proiektu horiek, alde guztietatik begiratuta, askoz eztabaidagarriagoak dira, oposizio handia eragin dute eta, hala ere, martxan daude.

    Tira, egunotan esan dutenez, azkenik, 2025ean hasiko dira Loiolako Erriberako tren-aldalekua eraikitzen. Lanak egiteko epea 36 hilabetekoa da, beraz, azpiegitura berriak 2028an zerbitzuan egon beharko. Ea egia den.

    EGUZKI, 2023ko apirila


    Partekatu - Compartelo