Gipuzkoako hainbat bide bazterretan, esaterako Gaintxurizketan edo N-1ean Andoain eta Lasarte-Oria bitartean, Foru Aldundiak enborretik beretik inausitako zuhaitz asko ikus daitezke.
Egia esan, kimaketak baino gehiago mutilazioak dira, zeharo neurriz kanpokoak eta desegokiak, baita segurtasun-kezka logikotik begiratuta ere, eta zuhaitzen arrazoizko edozein maneju-irizpidetatik urruti daude (nahiz eta inausitako zuhaitzak –ia– edozein tratu txar jasaten duten platano edo alboak izan). Mutilazio hauek zuhaitzak berak kaltetzen dituzte, noski, baina, horrez gain, adaburuetan babesa aurkitzen duen biodibertsitatea murriztu, paisaia eraldatu eta itzala desagerrarazten dute, beraien inguruetan tenperatura handituz.
N-1ean, Andoain eta Lasarte-Oria bitartean.
Aldundiak propaganda-aparatu zabala du, baina badakigu informatzea “kosta” egiten zaiola, eta zer esanik ez azalpenak ematea. Baina kasu honetan salbuespen bat egingo balu, estimatuta egongo litzateke. Gustura ezagutuko genuke horrelako inausketa/mutilazioak zer irizpidetan oinarritu dituen, eta, bide batez, zergatik ez duen kemen hori bera erakusten bere jabetzako lurretan biodibertsitatea kaltetzen duten egur-espezie exotikoak kentzeko. Egian esan, mutilazio hauek zuhaitzen zaintzarekin zerikusia duten teknikoek izenpetutako txostenen batek abalatuta egon daitezkeela imajinatzea ere kosta egiten zaigu.