Albistea

  • Usakume-tiroa jomugan

    2023-05-21
    Partekatu - Compartelo

    pichón1Atzo larunbatean Azkoitian egin behar zuten usakume-tirada atzeratu egin zuten bezperan bertan, ustekabean. Gipuzkoako Ehiza Federazioak, Facebook bidez, “arazo teknikoak” argudiatu zituen. Eguzkik, ordea, badu arrazoiak pentsatzeko erabakiaren atzean arazo “teknikoak” baino gehiago arazo legalak daudela. Izan ere, joko-zelaia aldatu egin da iazko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak babesteko lege berria onartu zenetik.

    Joan den asteburuan Hondarribian eta atzo Azkoitian egin behar ziren tiradak iragartzeko kartelak ikusi eta Eguzkiook elkarri galdezka hasi ginen: “Baina lege berriak ez ote du usakume-tiroa debekatu?”. Horretan ari ginela, Haiekin izeneko elkarte bat, orain arte ezagutu ere ez genuena, di-da batean mugitu zen eta salaketa bat ipini zuen, lege berriak usakume-tiroa erabat debekatzen duela argudiatuta; gure ustez, oso ondo argudiatuta, gainera.

    Salaketa aurkeztu eta ordu gutxitara iragarri zuen Federazioak Azkoitiko tiradaren atzerapena. Facebookeko mezuetan espresuki ukatu du erabakia salaketaren ondorio dela, baina ukazio hori oso zalantzazkoa iruditzen zaigu kontuan izanda segituan Haiekin elkartearen kontrako neurri legalak hartzeko mehatxua egin duela.

    pichón2Nolanahi ere, adi, Azkoitiko auzi hau konpontzeko moduaren araberakoa izango baita usakume-tiroak gurean izango duen etorkizuna. Eta konpontzeko moduaren berri laster izan dezakegu, gainera. Izan ere, datorren larunbatean, hilak 27, tirada berri bat iragarrita dago Lezon, Moxoten. Kontuan izan Federazioaren 2023ko egutegian tiradak Hondarribian, Azkoitian, Lezon, Aian, Urnietan, Pasaian, Zegaman, Villabonan, Ordizian, Aian (berriz ere) eta Bidanian aurreikusi direla. Guztiak colombaire modalitatean. Badira beste tirada batzuk kaiola modalitatean, baita usakumeak ez baizik eta galeperren kontrako tiro egitekoak ere.

    EGUZKI, 2023ko maiatza


    Partekatu - Compartelo