Gipuzkoako Aldundiak usakume-tiradak behin-behinean bertan behera uztea erabaki du; beraz, Azkoitikoa ez zen “arazo teknikoengatik” atzeratu, arazo legalengatik baizik
2023-05-30
Partekatu - Compartelo
ADI, ALBISTE HAU MAIATZAREN 25ean ARGITARATU GENUEN, BAINA WEBGUNETIK DESAGERTU EGIN DA. BERRIZ ERE SARTU DUGU, BAINA KONTUAN IZAN ZEIN DEN BENETAKO ARGITARATZE EGUNA.
Ehiza Federazioak berak eman du Lezoko tirada ere bertan behera geratu den albistea.
Ez ba, joan den larunbatean Azkoitian egin behar zuten usakume-tirada ez zen bezperan bertan “atzeratu” “arazo teknikoengatik”, Gipuzkoako Ehiza Federazioak esan zuen bezala, arazo legalengatik baizik, Eguzkik eta beste batzuek susmatu genuen bezala (ikus Usakume-tiroa jomugan – Eguzki Talde Ekologista). Hori ageri-agerian geratu da gaur, Aldundiak usakume-tirada guztiak behin-behinean bertan behera uzteko erabaki duela jakin dugunean. Behin-behinean, noiz arte, ordea? Zerbitzu juridikoek behar bezala aztertu arte Haiekin elkarte animalistak aurkeztutako salaketa. Salaketa horren arabera, usakume-tiradak debekatuta daude iazko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak babesteko lege berria onartu zenetik.
Izan ere, Ehiza Federazioak berak eman du facebooken bidez Aldundiak hartutako erabakiaren berri. Halaber, datorren larunbatean Jaizkibelen antolatuta zegoen tirada ere “atzeratu” egin dela jakinarazi du. Alabaina, temati, jarraitzen du esaten “atzerapena” “arazo teknikoei” zor zaiela.
Federazioak usakume- eta galeper-tiradak legezkoak direla defendatzen du, jakina. Gauzak horrela, Aldundiaren zerbitzu juridikoek gauza bat ala bestea esan, kontu honek epaitegian bukatzeko itxura guztia du. Honek hasi baino ez du egin.