Iraeta-Narrondo bidegorriaren lanak, ez urte hasieran ez urte bukaeran

Urolako trenbide zaharreko bi tunel berriz ere ireki behar dira bidegorria pasatzeko. Argazkian tuneletako bat.

Urolako trenbide zaharreko bi tunel berriz ere ireki behar dira bidegorria pasatzeko. Argazkian tuneletako bat.

Jaurlaritzak urtea amaitu aurretik Urolako Bide Berdeko Iraeta eta Narrondo bitarteko bi tunelak irekitzen hasteko lanen kontratazioaren lizitazioa aterako duela jakinarazi dio Zestoako Udalari. Bide Berdea osatzeko falta den bidegorri-zati horren lanak asko luzatzen ari diren arren, Udalak albiste ona dela adierazi du. Bada, Udalak bezala, guk ere albiste ontzat jo beharko dugu, baina ez gara horregatik gogoratu gabe geratuko bidegorri-zati hori lehendabizi 2019rako iragarri zutela. Iazko otsailean, berriz, lanak aurten hasiko zirela esan ziguten, urte hasieran, gainera. Orain, ordea, dagoeneko segurua da lanak ez direla 2023an hasiko, ezta urte bukaeran ere. Badirudi etengabeko atzerapenak Gipuzkoako bidegorri-proiektu guztien patua direla.

Honako esteka hauetan, hurrenez hurren, Zestoako Udalak argitaratutako informazioa eta gai honi buruz apirilean plazaratu genuen salaketa:

Bide berdeko bi tunelak irekitzeko lanak urtea amaitu aurretik esleituko dira – Berriak – Zestoa

Iraeta-Narrondo zatian berriro ere agerian geratu da Aldundiak bidegorriak eraikitzeko epeak etengabe urratzen dituela – Eguzki Talde Ekologista

EGUZKI, 2023ko urriaren 4an

Euskal Herria Burujabe 2023 – Klimaren desafioa altxa dezagun Euskal Herrian!

EHB2023-affiche_A3-V4-scaledBizi! mugimenduak antolatuta eta “Klimaren desafioa altxa dezagun Euskal Herrian!” lemapean, Euskal Herria Burujabe 2023 ekimena egingo da Baionan asteburu honetan, urriaren 7an eta 8an.

Kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, testigantzak, eztabaidak, jarduera ludikoak… Egia esan, izugarri programa aberatsa da, zorabiatzeko modukoa. Guk aletu ordez, honako esteka honetan aurkituko duzue oso-osorik, gainerako informazio interesgarriekin batera:

Euskal Herria Burujabe 2023 – Klimaren desafioa altxa dezagun Euskal Herrian! – Bizi ! (bizimugi.eu)

“Laborantza, etxebizitza, garraioak, energia, elkartasunak, ekonomia, politikak… 7 eremu tematikok gure esku diren ekintza-bideak erakutsiko dituzte gure lurraldearen eskalan etorkizun jasangarriagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta burujabeagoa eraikitzeko”, diote antolatzaileek.

Benetan ekimen handia da, 500 boluntario baino gehiagoren parte hartzea eskatuko duena. Baionako erdigunean autoz ibiltzea ere debekatuko da, jendeak ekimenean erosoago parte hartu ahal izateko.