Albistea

  • Gutxienez Legeak agindu bezainbeste birziklatzeko neurriak eskatzen dizkio Eguzkik Donostiako Udalari

    2023-10-09
    Partekatu - Compartelo

    Errefusa biltzeko edukiontzia benetan errefusa biltzekoa izan dadila da giltzarria, eta ez dena nahasita botatzeko edukiontzia.

    Errefusa biltzeko edukiontzia benetan errefusa biltzekoa izan dadila da giltzarria, eta ez dena nahasita botatzeko edukiontzia.

    Europar Batasunak, 2025erako, etxeko hondakinen %55, behintzat, gaika bildu behar dela dio; Donostiak, berriz, %41,10 baino ez du biltzen

    EKOLOGIA ZINEGOTZIA, IRAUNKORTASUN TXOSTENAREN AURKEZPENEAN

    Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostena aurkeztu du eta bertan bildutako datuak ohi bezain modu autokonplazientean irakurri ditu; hau da, Donostia posiblerik onenean bizi gara. Badira, noski, “hobetu daitezkeen” kontuak, esaterako, etxeko hondakinen gaikako bilketa. Horregatik, prentsan irakurri dugunaren arabera, herritarroi “arduraz jokatzeko” dei egin zigun Garmendiak, eta “kontzientziazio-kanpaina” berriak iragarri zituen.

    Idatzi honen bitartez, bi kontu nabarmendu nahi ditugu. Bat: kontua ez da etxeko hondakinen gaikako bilketa “hobetu daitekeela”, baizik eta epe laburrean, nahitaez, hobetu egin beharko dela. Eta, oroz gain, bi: Donostia Gipuzkoako birziklatze-rankingean azkena baldin bada, ez da herritarrek “arduraraz” jokatzen ez dutelako, udal gobernuek urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egin ez dutelako baizik. Hau da, Eneko Goia eta Marisol Garmendia bera dira arduragabe gorenak, ez herritarrok. Ikus dezagun…

    EB-REN HELBURUAK ETA HONDAKIN LEGE BERRIA

    Donostiako Udalak etxeko hondakinen gaikako bilketa nabarmen hobetu behar du, baldin eta Europar Batasunak alor horretan ezarri dituen helburuak eta helburu horiek bere egin dituen Hondakin Lege berriaren aginduak beteko baditu. Helburu/agindu horien arabera, 2025erako, etxeko hondakinen gaikako bilketak gutxienez %55 izan beharko du (1).

    Gainera, hobekuntza nabarmena eta oso-oso epe laburrean egin beharko du Udalak. Izan ere, urtetan espresuki uko egin dio hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak hartzeari, eta, ondorioz, gaur egun Donostia da, alde handiarekin, Gizpuzkoan gutxien birziklatzen duen udalerria: %41,10 baino ez.

    GAUR EGUNGO EGOERA

    Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

    sanMarko_eus2Honako taula honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

    Gipuzkoa2022_eusBeraz, Donostia da San Markon gutxien birziklatzen duen herria, eta, halaber, San Marko da –Donostiako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,39 da. Hau da, Donostia 16 puntu azpitik dago. Are gehiago, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten Europak 2025erako ezarri duen %55eko helburua. Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok lorpen haren berri harro-harro eman bazuen ere, esan beharra dago hura ez zela izan Marisol Garmendiak eta Asensioren gainerako alderdikideek Donostiako Udaletxean egindako lanari esker, alderantziz baizik. Alegia, Donostiako emaitza eskasek Gipuzkoako batez bestekoa nabarmen kaltetzen bazuten ere, gainerako udalerriek lortu zuten 2020an EBk 2025erako ezarritako marka.

    ORAIN ARTE NEURRIAK HARTZEARI ESPRESUKI UKO EGIN DIO UDALAK

    Esan dugu, irmo esan ere, Donostian, Gipuzkoako gainerako herriekin alderatuta, gaikako hondakin-bilketa oso-oso apala dela udal gobernuek urte hauetan guztietan alor honetan ezer ere egin ez dutelako. Esandako hori beharbada baten bati gehiegizkoa irudituko zaio. Bada, ikus dezagun…

    2014an, Bilduk, orduan Alkatetzan, eta PSOEk aurrekontu-akordio bat egin zuten. Akordio haren baitan, erabilera boluntarioko bosgarren edukiontzia auzo guztietan ezartzea adostu zuten. Iragarri zutenez, 2016rako, etxeko hondakinen %60 gaika biltzea zuten helburu. Ez genuen bosgarren edukiontzien kontra egin, noski –esan dezagun, bide batez, hura izan zela Donostian gaikako hondakin-bilketa hobetzeko hartutako azken neurri “estrukturala”–, baina argi eta garbi esan genuen neurri harekin bakarrik nekez lortuko zela helburu gisa ezarritako %60 hura. Eta halaxe izan da. 2015ean, etxeko hondakinen gaikako bilketa %39,19 izan zen (2). Urte hartan, EAJren eta PSOEren artean osatutako udal gobernuak ordezkatu zuen Bildurena.

    Beraz, 2015eko %39,19 hartatik 2022ko %41,10era pasatu gara. Atera kontuak, arren, ea udal gobernuek urte hauetan guztietan ezer ere egin ez dutela esatea gehiegikeria den (3).

    2024an hamar urte beteko dira bosgarren edukiontzia auzo guztietara zabaldu zenetik. Funtsean, hura izan zen sisteman egindako azken aldaketa

    2024an hamar urte beteko dira bosgarren edukiontzia auzo guztietara zabaldu zenetik. Funtsean, hura izan zen sisteman egindako azken aldaketa “estrukturala”.

    BERAIEK KONTZIENTZIATU DAITEZELA!

    Hori bai, urte hauetan guztietan Udalaren partetik itxurakeria izan da nagusi, esperientzia pilotoak eta, batez ere, “kontzientziazio-kanpainak”. Bide batez, kanpaina hauen bitartez, eta hori benetan maltzurra iruditzen zaigu, gutxi birziklatzearen erantzukizuna herritarroi pasatzen zaigu, badakizue, “kontzientzia” gutxi omen dugu eta. Eta zoritxarrez, Garmendiak Iraunkortasunaren Behatokiaren txostenaren aurkezpenean egin zituen adierazpenen arabera, errezeta bera aplikatzen jarraitzeko asmo sendoa dute.

    Ezetz ba. Gehiago edo gutxiago birziklatzea ez da boluntarismo-kontua, ez da “kontzientziazio-kanpainak” ugaltzeko kontua, ea herritarrok pixka bat hobeto egitera animatzen garen. Izan ere, ez dago inolako arrazoirik pentsatzeko donostiarrok gainerako gizpuzkoarrek baino kontzientzia ekologiko handiagoa edo txikiagoa dugunik. Garbi dago: hondakinak gaika biltzeko sistema eraginkorrak ezarri dituzten udalerriek, alkatetzan edozein alderdi izanda ere, emaitza onak lortu dituzte. Beste modu batean esanda: neurri eragingorrak hartzen dituen herri batean, emaitzak egun batetik bestera, esaterako, %40tik %60ra igotzen badira, zer ulertu behar dugu? Herri horretako bizilagunen kontzientzia gautik goizera 20 puntuz hobetu dela? Ezta hurrik eman ere! Kontzietzia garrantzitsua da, dudarik gabe, baina sistemaren eraginkortasuna da erabakigarria. Eta sistemaren eraginkortasuna Udalaren ardura da. Birziklatzea zeharo boluntarioa den bitartean, birziklatzea ez birziklatzea baino errazagoa den bitartean (edukiontzien banaketa eta beste hainbat faktore tartean direla) eta birziklatu ala ez zabor-tasa beretsua ordaintzen den bitartean (hobariak ia sinbolikoak dira), garbi dago: ez birziklatzera joko da.

    Edukiontzi multo honetan bosgarrena falta da. Berdin da kalean gora edo behera berrogei metrora dagoen. Bosgarrena erabili nahi duenari ahalegin plus bat eskatzen ari zaio.

    Edukiontzi multo honetan bosgarrena falta da. Berdin da kalean gora edo behera berrogei metrora dagoen. Bosgarrena erabili nahi duenari ahalegin plus bat eskatzen ari zaio.

    Gauzak horrela, “kontzientziazio-kanpaina” gehiago? Donostian beraiek dira “kontzientziatu” behar diren lehenak, udal agintariak, alegia, Eneko Goia eta Marisol Garmendia bera buru direla. Eta neurriak hartu, jakina. Nolako neurriak? Gipuzkoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dago eta. Gainerako guztia itxurakeria baino ez da, zurikeria, egingo balute bezala egitea baina benetan egin gabe, aurpegi-garbitzea: Greenwashing.

    Kanpaina honena, a ze logo fina. Baina gero gaikako bilketan Gipuzkoako azken putz baldin bazara...

    Kanpaina honena, a ze logo fina. Baina gero gaikako bilketan Gipuzkoako azken putz baldin bazara…

    Donostiak ez du zertan birziklatzearen abangoardiako udalerrien artean egon –nahiz eta guri gustatuko litzaigukeen, noski–, baina, legez, gutxienezko batzuk betetzera derrigortuta dago, eta epe laburrera, gainera. Eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima-aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

    Ez begi-bistatik galdu: zenbat eta gutxiago birziklatu, gero eta lehengai gehiago xahutu; gero eta hondakinak tratatzeko sistema garestiagoak; gero eta kutsadura gehiago. Iraunkortasunaren Behatokiak horixe bera esaten du, e?, baina esana eta egina bat ez badatoz…

    EGUZKI, 2023ko urrian

    (1) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

    Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

    (…)

    c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

    d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

    e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

    Legeak gauza gehiago ere esaten ditu, adibidez, 2010ean sortutako hondakinen pisuarekin alderatuta, etxeko hondakinen pisua %13 jaitsi beharko dela 2025erako, eta %15 2030erako. Fiskalitateari buruzko kontuak ere aipatzen ditu Legeak. Baina, gure ustez, ur sakonagoetan sartu gabe ere, gaikako bilketaren inguruan ematen ditugun datuek oso-oso garbi ematen dute egoeraren berri.

    (2) Iturria: Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa.

    (3) Udal gobernuak 2020an egin zuen Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean esan zuen etxeko hondakinen gaikako bilketa 2025ean %60 izango zela. Hau da, Bilduren eta PSOEren arteko akordioak 2016rako aurreikusten zuen ehuneko berbera. Nolanahi ere, urte hauetan guztietan ezer egin ez dutenez, 2023. urte bukaeran gaude eta asko egin beharko dute oso denbora laburrean, ez %60 lortzeko, Legeak agindutako %55 lortzeko baizik. DSS Klima 2050 Planak, berriz, aurreikusten du 2030ean gaikako bilketa %80 izatea, baina, gauzak nola dauden ikusita, momentuz horretaz hitz egiten ez badugu, askoz hobeto, ezta?


    Partekatu - Compartelo