Albistea

  • 2023a ere Oikian saneamendu-lanak egin gabe bukatu dela salatu du Eguzkik

    2023-12-29
    Partekatu - Compartelo

    oikia2023a ere Oikian sanemendu-lanak egin gabe bukatu dela salatu du Eguzkik. Lan hauek orain dela hamar bat urte, behintzat, eginda egon behar zuten, baina atzerapenak metatzen jarraitzen dute, nahiz eta, Ura agentziaren beraren hitzetan, Urolan beherako kutsadura “nabarmen” arinduko luketen.

    Herri-erakundeek 2007an Gipuzkoan hainbat saneamendu-lan egiteko Esparru Akordioa izenpetu zuten. Akordio haren arabera, Oikiako sanemandua, beranduenez, 2011rako bukatuta egon behar zen. 2010ean proiektu bat eta guzti idatzi zen, baina ez zen gauzatu, Jaurlaritzak ez zuelako bete lanok %100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Proiektua tiraderan gelditu zen harik eta 2019an Jaurlaritzak berak eta Aldundiak handik atera zuten arte. Orduan esan zuten lanak 2021rako hasita, behintzat, egongo zirela. Baina 2010eko proiektua zaharkituta omen zegoen eta, horren ondorioz, 2021ean, lanak hasi ez eta proiektu berri bat esleitu behar izan zuten. Proiektu berria 2022an ipini zen jendaurrean. Itxura guztien arabera, 2023an nahitaez hasi behar ziren lanak. Ez da horrela izan, ordea. Beraz, Oikiako hondakin-urek 2024an ere jarraituko dute Urola “nabarmen” kutsatzen.

    EGUZKI, 2023ko abendua

    oikia_kokapena_webUra agentziak berak adierazitakoaren arabera, Oikiako eta auzopean dagoen Xey industialdeko hondakin-urak biltzea eta Basustako araztegira bideratzea ahalbidetuko ditu saneamendu-proiektuak. Halaber, etorkizunean Aizarnazabalgo hondakin-urekin horixe bera egitea ere ahalbidetuko du. Izan ere, Aizarnazabalgo hondakin-urak ere gaur egun ibaira isurtzen dira.

    Aurrekontua 5,4 milioi eurokoa da eta obrak egiteko epea, berriz, 11 hilabetekoa.


    Partekatu - Compartelo