Albistea

  • Ekologistok eskatu dugu Oria ibaian dagoen Orbeldiko presaren eraispena bizkortzea, aingiraren migrazioan duen eraginagatik

    2024-02-07
    Partekatu - Compartelo

    Orbeldiko zentral hidroelektrikoaren eraikin zaharra eta presa. Presa da itsasotik errioan gora doazen arrainek aurkitzen duten lehen oztopoa. Beraz, ikuspegi ikologikotik, premiazkoa da botatzea, eta halaxe aurreikusi du Aldundiak berak. Orbeldin bada, ordea, ur bizien kanal bat eraikitzeko proiektu bat, presa ezinbestekoa duena. Eta Aldundiak kanal horri baiezkoa eman dio. Presa eta Aldundiaren Aingira Berreskuratzeko Plan Integrala ez dira bateragarriak.

    Ibaietan gora doan espezie migratzailea da Europako aingira, eta angula da bere arrainkumea. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) zerrenda gorrian sailkatuta jarraitzen du, “galtzeko arrisku larrian” kategorian, euskal balea, errinozeronte beltza, gorila edo orangutana bezala. Desagertze-testuinguru honetan, Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko diputatuak, Batzar Nagusiek eskatuta, Gipuzkoan aingira europarra berreskuratzeko Plan Integrala (2024-2034) aurkeztu berri du.

    Bestalde, Aldundiak 2020an idatzi zuen Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Zuzentzailea (2020-2035). Plan horrek 228 presatan esku hartzea aurreikusten du herrialde osoan, eta horietatik 114 Oria ibaiaren arroan daude (Usurbilgo Orbeldikoa barne). “Oztopo horietako gehienek –dio Planak– aingiraren goranzko migrazioari eragingo liokete, hau da, aingirak arroen erdiko eta goiko aldeak kolonizatu ahal izatea eragozten edo zailtzen dute”.

    Era berean, Planaren arabera, presa horiek eragiten dituzten ondorioek –horietako batzuetan esku hartzen ari da dagoeneko– “aingirari ez ezik, funtzionamenduari eta erregimen hidrologiko naturalari, ibai-ekosistema osoari eta osagai biologikoari ere eragiten diete. Irtenbiderik onena oztopoak eta presak erabat eraistea da. Ingurumen-irtenbiderik positiboena edo eraginkorrena da epe ertain eta luzera, eta ibai-konexioaren erabateko leheneratzea bermatzen du, bai eta ura pilatuta dagoen oztopoaren tartean ibai-habitata berreskuratzea ere”.

    Ulertezina bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an ezetsi egin zituen Eguzkik, Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Naturkonek (Gipuzkoako talde ekologista eta naturalisten koordinatzailea) aurkeztutako alegazioak, eta erabaki zuen “interes publikokotzat” jotzea Plan Berezia, zeinak Oria ibaiaren ibilguan, zehazki, Usurbilgo Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean, ur amilen kanal bat eraikitzea ahalbidetuko zuen. Baina horrek presa zaharkituak arrain-fauna migratzailearentzat dakarren oztopoa mantentzera behartuko luke. Are gehiago, lehen aipatutako Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Zuzentzailearen arabera, Orbeldiko presa eraistea Oria biziberritzeko funtsezko helburuetako bat da, bokaletik ubidean gora doan arrain-faunak aurkitzen duen lehen oztopo handia delako. Izan ere, beren-beregi irakur daiteke bertan: “Orbeldiko presa txikia eraistea nabarmendu behar da [aurreikusitako jarduketen artean], bokaletik lehen oztopoa baita”.

    Ez da ahaztu behar, ezta ere, Usurbilgo udalerriko Oria Ibaiaren Paisaiaren Ekintza Planak (2016) “Orbeldi inguruko ingurumena eta paisaia lehengoratzea proposatzen duela, abandonatutako eraikuntza kenduz eta presa botaz; izan ere, gaur egun, hori oztopo da iktiofaunarentzat, bai eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat ere”.

    Orbeldiko presa ur amilen kanal bat egiteko mantentzea ez da inola ere koherentea aurkeztu berri den Aingira Berreskuratzeko Plan Integralak dioenarekin.

    EGUZKI TALDE EKOLOGISTA

    ANERREKA INGURUMEN ELKARTEA

    NATURKON, GIPUZKOAKO TALDE EKOLOGISTA ETA NATURALISTEN KOORDINATZAILEA


    Partekatu - Compartelo