Badirudi aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia, urte askotako blokeoa gainditu ondoren, iristear dela. “Oraingoan bai”, dioskute. Hemendik aurrera transferentzia “edozein momentutan” gauzatu daitekeela adierazi du Iñaki Arriola Garraio sailburuak. Beranduenez, martxoan. Izan ere, PSOEk eta EAJk inbestidura-akordioan urteko lehen hiru hilabeteetarako adostu zituzten transferentzietako bat da.
Ez dugu negoziazioei buruzko xehetasunik ezagutzen, jakina, baina pentsatzen dugu Irun-Brinkola, Abando-Santurtzi, Abando-Muskiz eta Abando-Urduña lineak transferituko direla, baita Bilbao-Balmaseda linea ere. Miranda eta Altsasu bitarteko zati arabarrean aldiriak transferituko balira edo gutxienez aurrerapenen bat egongo balitz, oso albiste ona izango litzateke. Izan ere, zati horren gainean dagoen herri-aldarrikapena ezin zuzenagoa iruditzen zaigu.
Negoziazioei buruzko xehetasunik ezagutzen ez dugunez, transferentzia zer puntutaraino izango den “osoa” edo “integrala” ere ez dakigu, baina badirudi ez dela inolaz ere izango Kataluniako rodalien mailakoa. Ematen du Jaurlaritzak bere gain har ditzakeela plangintza, koordinazioa, ikuskaritza, tarifak… Laburbilduz: kudeaketa. Langileek, materialek eta azpiegiturek, berriz, Estatuaren ardurapean izaten jarraituko lukete. Are gehiago, litekeena da zerbitzua bera RENFEk kudeatzen jarraitzea, eta horren kostua Kupoaren kontura finantzatzea. Hori adierazi du, behintzat, Irungo alkate ohi Jose Antonio Santanok, Garraioetako Estatu-idazkari izendatu berriak.
Xehetasun hauek guztiak garrantzitsuak dira eta aurrerantzean horietaz hitz egiteko aukera ez ezik beharra ere egongo da. Baina Eguzkikoontzat une honetan garrantzitsuena da nabarmentzea transferentziak, oroz gain, aldiriko tren-zerbitzua hobetzeko bitartekoa izan behar duela. Izan ere, zerbitzu hori oso kalitate eskasekoa da, erabiltzaileek ondo baino hobeto dakiten bezala. Irisgarritasun-arazo larri eta oztopo arkitektoniko handiak dituzten geltokiak daude; erabiltzaileek hainbatetan trenbide gainetik pasatu behar dute, lurpeko pasabiderik ezean; pasonibel arriskutsuak ere badira; tren-zerbitzu ugari bertan behera gelditzen dira behar beste langile ez dagoelako, sarri aurrez abisatu gabe, gainera; atzerapenak kronikoak dira; informazioa eskasa da; makina eta bagoiak zaharrak dira… Faktore horiek eta beste batzuek zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetara eraman dute zenbait lineatan, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala. Hori ote da “herentzian” jaso behar dugun zerbitzua?
Gure ustez, transferentziak etorri behar du ogi bat galtzarbean dakarrela, haur jaioberriak etortzen omen ziren bezala. Eta metafora egokia iruditzen zaigu transferentziak aldiriko tren-lineen birjaiotze edo berpizkunde bat izan behar duelako. Kontua baldin bada gutxi gorabehera orain arte bezala jarraitzea, zertarako hainbeste urteko erreibindikazioa?
Beste era batera esanda: transferentziaren balorazio ekonomikoak kontuan izan behar du zerbitzua egoera txarrean dagoela, batez ere denbora luzean behar baino askoz gutxiago inbertitu delako, eta, ondorioz, datozen urteetan inbertsio handiak egin beharko direla. Betiere zerbitzua garaiak eskatzen duen mailan jarri nahi bada, jakina. Hau da, kalitatezko zerbitzu publikoa, eraginkorra eta efizientea, beste garraiobide batzuekin lehiakorra eta alternatiboa, eta sozialki errentagarria eskaini nahi bada.
Arriolak ondo asko daki erabiltzaileek transferentziatik batez ere zerbitzua hobetzea espero dutela. Horregatik, dagoeneko “pazientzia” eskatu du, badaezpada. Eta ondo da, argi baitago egoerak ez duela hobera egingo gauetik goizera paper bat sinatze hutsagatik, paper hori sinatzea urte asko kostatu bada ere. Baina ondo da baldin eta pazientziarako dei hori zerbitzua nabarmen hobetzeko borondate irmoarekin lotuta badago. Eta borondatea aurrekontuetan islatzen da. Garraio publiko eta jasangarria sustatu egin behar dela esatea oso ondo dago, baina soil-soilik esanak eta eginak bat badatoz.
Dagoeneko entzuten ari gara: “Tira, hobekuntzak egin egingo dira, noski, baina poliki-poliki, gauza guzti-guztietarako ere ez dago eta dirurik”. Alabaina, nahi dutenerako, dirua egon badago, eta, ikusten denez, nahi bezainbeste. Horra hor AHTa, eta aitor dugu adibide hori espresuki ipintzen dugula besteak beste badakigulako Arriolak ez duela batere maite.
Kritika honek balio du Estatuko gobernuarentzat, berak izan baitu orain arte aldirien titulartasuna eta, beraz, inbertsio-erantzukizuna. Baina Jaurlaritzarentzat ere balio du. Izan ere, urte hauetan guztietan transferentzia aldarrikatu bai, baina aldirietako zenbat hobekuntza-lan eskatu, bere gain hartu eta finantzatu ditu Kupoaren kontura, AHTarekin egin duen bezala?
AHTa “estrategikoa” omen da. Aldirietako trena, aldiz, ez horrenbeste, antza. Hala ere, “jendeak” egunero erabiltzen duen trena da. Horregatik Eguzkitik zera azpimarratu nahi dugu: transferentziak, oroz gain, esanahi politikotik harago eta horren inguruan nahitaez eratuko den marketinetik harago, zerbitzua nabarmen hobetzeko tresna izan behar du, ogi bat galtzarbean dakarren haur jaioberria izan behar du. Nabaritu egin behar da!
EGUZKI, 2024ko otsaila