Albistea

  • Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak salatu dute Jaurlaritzak angula-harrapaketa legeztatzeko egin duen saiakera berria, oraingoan “zelata-arrantzaren” aitzakian

    2024-04-25
    Partekatu - Compartelo

    Angula-arrantza profesionalizatzeko dekretu-proiektua berriz ere jendaurrean ipini du Eusko Jaurlaritzak. Profesionalizatzeko dekretuaren bidez, Jaurlaritzak saihestu nahi du Europar Batasunak 2023ko urtarrilean angularen aisialdiko arrantzaren gainean ezarri zuen debekua. Izan ere, aisialdikoa zen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan legez egin zitekeen angula-arrantza mota bakarra.

    Ez da Jaurlaritzak angula-arrantza profesionalizatzeko dekretua jendaurrean ipini duen lehen aldia. Joan den irailean ere egin zuen, baina berriro egin behar izan du, besteak beste, talde ekologistok hura justifikatzeko legez aurkeztu behar diren txosten juridiko eta zientifikoak falta zirela salatu genuelako.

    Oraingoan bai, oraingoan txostenak aurkeztu ditu. Txosten horiek, funtsean, zera diote, batetik, profesionalizazioa EBren Araudi berrira “egokitzeko” modua dela, eta, bestetik, aingira europarraren egoera egiazki larria dela (*), baina arrantza profesionalak balioko lukeela espeziearen bilakaera zelatatzeko edo behatzeko, eta, azken batean, horrek kontserbazioan  lagunduko lukeela. Horri “zelata-arrantza” izena eman diote.

    Alegia, Jaurlaritzak ziria sartu nahi digu. Sinetsarazi nahi digu angula modu profesionalean, hau da, irabaziak helburu, arrantzatuko dela… baina soil-soilik espeziearen beraren hobebeharrez. Gauzak horrela, Eguzkikook eta Mutriku Natur Taldekook oraingoan ere alegazioak aurkeztu ditugu, jakina.

    Ezer baino lehen esan behar dugu profesionalizazio-dekretuaren benetako helburua ez dela angula-arrantza EBren erabaki berrietara “egokitzea”, erabaki horiek saihestea baizik. EB ez zen “ausartu” komunitate zientifikoak eskatzen zion angula-arrantzaren gaineko moratoria onartzera, baina neurri murritzaileak hartu zituen, ondorio sozial gutxien izan zezaketenetakik hasita. Hortaz, asialdiko arrantza debekatu egin zuen, hau da, Bizkaian eta Gipuzkoan aspalditik indarrean zegoen bakarra. Beraz, profesionalizazio-dekretua debekuari iskin egiteko amarru bat baino ez da.

    “Zelata-arrantza” kontzeptua, berriz, koartada bat besterik ez da. Espeziearen populazioen jarraipena egiteko ez dago zertan angulak uretatik atera, are gutxiago urre-prezioan saltzeko eta jateko. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aingira Berreskuratzeko Plan Integralak espeziearen populazioen jarraipena egitea du oinarri, eta, hala ere, ez du inolako “zelata-arrantzarik” aurreikusten. Are gehiago, espresuki debeketazen du aingirak ur kontinentaletan arrantzatzea. Eta aukera aprobetxatu nahi dugu kontraesana agerian uzteko: Aldundiak, begi-bistako kontserbazio-arrazoiengatik, ibai eta erreketan aingirak harrapatzea aspaldi debekatu zuen; Jaurlaritzak, berriz, errio edo itsasadarretan aingiren kumeak, angulak, arrantzatzen jarraitu ahal izateko moduak nola edo hala bilatzen ditu.  Hitz gutxitan: “zelata-arrantza” kontzeptuak galzorian dagoen espezie baten harrapaketa “errespetagarritasun zientifikoz” eta, nola ez, “iraunkortasunaz” mozorrotzea beste helbururik ez du.

    Gauzak horrela, Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak berriz ere ekatu diogu Jaurlaritzari angula-arrantza profesionalizatzeko proiektuari uko egiteko. Proiektu horrek biodibertsitatea sakrifikatzen du, klientelismoaren mesedean. Halaber,  Eguzkik eta Mutriku Natur Taldeak Jaurlaritzari eskatu diote EBren debekua behingoz onartzeko eta aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko. Izan ere, hori da galzorian dagoen aingirari dagokion lekua, aspalditik, gainera.

    EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta MUTRIKU NATUR TALDEA, 2024ko apirilean 

    (*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Hona hemen datu adierazgarri bat: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

    Fuente: @Chikichanka

    Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak.

    ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

    Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten.


    Partekatu - Compartelo