Albistea

  • Illunbeko “faena” onena saritzeari uzteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari (*)

    2024-05-06
    Partekatu - Compartelo

    2023ko irabazlea ‘El Juli’ izan zen, baina, guk dakigula, behintzat, oraindik ez diote saria modu formalean eman. Argazki hau, berriz, 2022ko sari-emateari dagokio. Ezker-eskuin, Turismo zinegotzi Cristina Lagé, saritutako toreatzaile Roca Rey eta Pepe Delgado epaimahaiaren ordezkaria. Iturria: J. .M. LÓPEZ / DIARIO VASCO.

    Illunbeko zezenketetan eginiko “faena” onenari Urrezko Maskorra emateari uzteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari, Kultura Ministerioak Tauromakiako Sari Nazionala emateari utziko dion bezala.

    Ernest Urtasun ministroak argudiatu duenez, “tradizioak eboluzionatu egiten dira, bizitzan dena eboluzionatu egiten den bezala, eta, gaur egun, gizartearen gehiengo zabala animaliei tratu txarrak emateren aurka dago. Gero eta jende gutxiagok ulertzen du animaliak torturatzeari sariak ematea”. Eguzkitik gogoratu nahi dugu “festa” deitzen duten hori sei zezen jendaurrean hil arte torturatzea dela. Nahi bezain modu “artistikoan”, baina gupida gabe torturatzea. Ez zaigu iruditzen hori inolaz ere sari publikoen bidez sustatu behar denik.

    Donostiaren kasuan, Urrezko Maskorra emateari uko egitea urrats bat izango litzateke Udalak alor honetan esaten duenaren eta egiten duenaren arteko koherentzia berreskuratzeko. Izan ere, Eneko Goia alkateak dio zezenketak enpresa pribatu baten kontua direla, Udalak ez duela horrekin zerikusirik. Baina Goiak sinetsarazi nahi digunaren kontra, Udala ez da kontu honetan eragile neutrala, ezinbesteko kolaboratzailea baizik. Izan ere, enpresa pribatu batek Illunben zezenketak antolatzen ditu Udalak instalazio horiek esku-eskura ipintzen dizkiolako. Are gehiago, Illunbeko instalazioen zaharberritzeaz hizketan hasi bezain pronto, alkateak argi utzi du erabilera taurinoari eustea ez dagoela ezbaian, hori beste erabilera posible batzuen kaltetan badoa ere. Gainera, Udalaren eta zezenketak antolatzen dituen enpresaren arteko konplizitate-zantzuak asko eta askotarikoak dira, publizitaterako erraztasunetatik hasi eta hizpide dugun Urrezko Maskorra eman arte.

    Eneko Goiak, ordea, ondo baino hobeto daki donostiar gehienok ez gaudela horrekin ados. 2017an, Udalak berak enkargatutako inkestan, garbi geratu zen herritaron % 71 zezenketak egiteko udal-instalazioak uztearen aurka geundela. Egia da PPren gobernuak 2016an herritarroi gai honi buruzko kontsulta egitea debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak herritarrok geure iritzia emateko bide berriak aurkitzeko konpromisoa hartu zuela, eta bide horiek egon badaude. Orduan, debekua zela eta, oso zentzuzko gauzak esan zituen Goiak, adibidez, honako hau: “Demokrazia jardunarekin erakusten dela sinesten dugunok uste dugu, XXI.mendean gatazkak eta arazoak hiritarren iritzia entzuten konpontzen direla. Hortaz, nolako interesak dituzte hainbat alderdik ez baimentzeko iritzi kontrajarriak sortu dituen gai bati buruz hiritarrek iritzia emateko?”. Bada, Goiak berak erantzun diezaioke galderari, zazpi urte geroago, alor honetan, donostiarren gehiengoaren iritziari entzungor jarraitzen baitu. Eta horren froga besterik ez da oraindik Aste Nagusiko “faena” onenari Urrezko Maskorra ematea.

    Gauzak horrela, herritar gehienok Illunben zezenak hiltzea arbuiatzen badugu, zer logika du Udalak sari hori emateak? Noren izenean ematen du? Donostiarron izenean, behintzat, ez. Eta berriro esango dugu, alkateak oraindik zalantzak baditu donostiar gehienok gai honetan dugun iritziaren inguruan, kontsulta publikoa egiteko hartu zuen konpromisoa bete besterik ez du egin behar.

    EGUZKI, 2024ko maiatza

    (*) Sariarekin deslotu egin dela iragarri du Udalak

    Eguzkiren eskaera dela eta. Udalak erantzun du sari horrekin legegintzaldi-aldaketarekin batera deslotu zela. Gehitu duenez, “beharbada peña edo koletibo partikularren batek saria ematen jarraituko du, baina Donostia Turismoak dagoeneko ez du diruz laguntzen”.

    Hau izan da Eguzkook deslotze horretaz izan dugun lehen albistea, eta zinez pozten gaitu, jakina. Baina saria legegintzaldia aldatu ondoren ere eman da. Horretaz ez dago dudarik. Hauteskundeak 2023ko maiatzaren 28an izan ziren eta abuztuan, Aste Nagusian, ‘El Juli’ izan zen irabazle:

    Udala sari horrekin deslotu izana albiste garrantzitsua iruditzen zaigu, eta pozten gara, noski. Orain, Udala zezenketekin zeharo deslotzea baino ez da falta. Horretarako, donostiar gehienon borondateari jarraituz, Illunbeko udal-instalazioak zezenketak egiteko uzteari uko behar dio.


    Partekatu - Compartelo