Albistea

  • Eguzkik Ondarroako marrazo-hilketaz informatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

    2017-09-29
    Partekatu - Compartelo

    marrazoa1Eguzkik Ondarroako marrazo-hilketaz zehatz-mehatz informatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta modu publikoan egiten badu, hainbat hobe.

    Egunotan sare sozialetan-eta zirkulatu dira astelehenean Ondarroako portuan ateratako hainbat argazki, non marrazo pilo bat hilik ikus daitekeen. Argazki hauek hautsak harrotu dituzte eta horien inguruan oso informazio kontrajarriak zabaldu dira.

    Batetik, segurtatu digute marrazo horiek legez arrantzatu daitezkeen kaelak direla (Prionace glauca). Bestetik, baina, arrantzatutakoen artean marrazo muturmotzak ere bazirela dioskute (Lamna nasus). Kontuan izan marrazo mota hori CITES nazioarteko komenioak babesten duela, desagertzeko arriskuan dagoelako. Hainbat alek hegalak moztuak zituztela salatu dute (aparte saltzaeko, jakina), baita abandonatuta zeudela ere. Izan ere, portuko langileek ez zuten jaberik aurkitu, bila aritu ziren arren.

    Gauzak horrela, Eguzkik Eusko Jaurlaritzari ahal den informaziorik zehatzena emateko eskatu dio… zenbat marrazo ziren, zer espezietakoak, ea arrantzaleak behar bezala identifikatuta dauden eta behar bezalako baimenak dituzten,  lege- edo arau-urraturik egin ote zuten, Arrantza Ikuskaritzak zer egin zuen… eta kasu honek sorrarazi dituen dudak argitzeko baliagarria iruditzen zaion beste edozein informazio. Izan ere, kasu honek kezka sortu du jende askorengan eta, gure ustez, kezka hori guztiz justifikatuta dago.

    Atzo, hilak 24, Munduko Itsas Eguna “ospatu” genuen. Astelehenean, berriz, Schwarzeneggerrek berak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Cousteauren semearekin batera egin duen filma, herritarrak itsasoaren inguruan sentsibilizatzea helburu duena. Baina Ondarroan ateratako argazki txundigarri bezain etsigarri hauek ikusi eta gero, ezer ospatzeko gogoa galtzen da eta sentsibilizazio-kanpainen mugak, Schwarzenegger bezain kanpaina gihartsuak badira ere, agerian geratzen dira. Eta hori marrazoak legez edo legez kanpo arrantzuta, gauza bera ere ez den arren, jakina.

    Eguzki, 2017ko irailean


    Partekatu - Compartelo