Albistea

  • Donostiako Udalak arazoak izaten jarraitzen du herritarroi hondartzetako kutsaduraren berri emateko

    2018-07-11
    Partekatu - Compartelo

    Hau da ipini duten bandera gorria. Ez dago beste azalpenik.

    Hau da ipini duten bandera gorria. Ez dago beste azalpenik.

    Sorosleek bandera gorria ipini dute gaur goizean Loretopean. Alabaina, seguru asko inor gutxi enteratu da bandera gorria ipini dutela azken analisietan kutsadura fekal handia aurkitu dutelako. Hain handia, ezen Ingurumen Osasunaren Udal Atalak eguerdian banatu duen boletinean “ez bainatzea” aholkatu duen. Loretopean, ordea, bainuzale asko zebilen plisti-plasta, beharbada bandera gorria ikusita, itsas zakarrarekin lotu dutelako, baina, itsaso zakarra ikusi ez dutenez, uretan jarraitu dute. Nolanahi ere, inork ez die esan bandera gorriaren arrazoia kutsadura zenik.

    Tenis aldean ere kutsadura fekala aurkitu dute ur-laginetan, baina ez hainbeste. Hori bai, joan den asteko kalifikazioa “bikaina” bazen, aste honetakoa “nahikoa” baino ez da, bainuak “libre” izaten jarraitzen duen arren.

    Hau honako bi puntu hauek berrestera dator:

    1. Kontxan oraindik bada kontrolatu gabeko kutsadura-iturririk.
    2. Udalak arazoak izaten jarraitzen du herritarroi hondartzetako kutsadura-kasuen berri azkar eta taxuz emateko, baita Loretopeko hau bezain larriak direnean ere. Bai, larria diogu, guretzat, behintzat, kutsaduragatik bandera gorria altxatu beharra ez baita inola ere zerbait anekdotikoa.

    Has gaitezen bigarren puntutik. Ur-laginak astelehenean hartu eta, analizatu ondoren, positibo eman zuten. Atzo lagin berriak hartu eta berriz ere positibo eman zutenez gero, gaur, asteazkenean, lehen aldiz altxatu dute bandera gorria. Eta bandera gorria altxatu baino ez dute egin, informazio gehigarririk gabe. Izan ere, lerrook argitaratzen ari garenean (arratsaldeko 5ak dagoeneko jota), Udalaren webgunean oraindik jarrita daude joan den asteko analisien emaitzak. Hau da, Udalaren webgunearen arabera, kalifikazioak Loretopean eta Tenisen “bikainak” dira eta, beraz, bainua zeharo “librea”. Gauzak horrela, bistan da: Udalak arazoak izaten jarraitzen du herritarroi hondartzetako kutsaduraren berri azkar eta taxuz emateko. Kontua ez da kasu hauek duten garrantzia hanpatzea (nahiz eta, berriro diogu, bandera gorria ipini beharra kutsaduragatik ez zaigun txantxa iruditzen) ez gutxitzea, herritarrei naturaltasunez eta fundamentuz informatzea baizik. Besteak beste, herritarrek informazio hori jasotzeko eskubide osoa dutelako, beraien osasuna jokoan egon daiteke eta.

    Kontxan egon daitezkeen kontrol gabeko kutsadura-iturriei dagokienez, berriz, Udalak aurrerapauso bat eman du. Izan ere, orain dela gutxi arte ez bezala, onartu egin du iturri horiek egon, egon daitezkeela. Alde horretatik, ez zaigu batere kostatzen aitortzea azkenaldion iturri horiek detektatzeko lan serioa egiten aritu dela, baina tamalez oraindik ez dute kutsaduraren iturburua detektatu.

    Eguzki, 2018ko uztailaren 11n

    Albiste honen epilogoa ezagutu nahi baduzu, ikus:

    http://eguzki.org/2018/07/12/kutsadura-kontxatik-desagertu-da-baina-alor-honetan-udalak-dituen-informazio-gabeziek-hor-jarraitzen-dute/

     


    Partekatu - Compartelo