Albistea

  • Andoaingo Ziako errekako saneamendua berriro atzeratuko dela salatu du Eguzkik

    2019-04-03
    Partekatu - Compartelo

    ZIako erreka Martin Ugalde inguruan 6

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok hainbat lan hidrauliko egiteko instituzioen arteko akordio berriaren zirriborroa aurkeztu dute, eta, horren arabera, Andoaingo Ziako errekako edo Errekabeltzeko saneamendua berriro atzeratuko da.

    Kontuan izan, 2007an, Jaurlaritzak eta Aldundiak horrelako akordio bat sinatu zutela 2011. urte bitartean hainbat saneamendu-proiektu aurrera eramateko. Proiektu haietako bat Andoaingo Ziako errekakoa zen. Garai hartan, aurrekontua 3,8 milioi eurokoa zen eta Jaurlaritzak osorik finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. Ez zuen agindutakoa bete, ordea, eta, gauzak horrela, 2016an, Plan Hidrologiko berriak Ziako errekako saneamenduak egin gabe jarraitzen zuela gogoratu eta aurrekontua eguneratu zuen. Guztira, 5 milioi. Plan berriaren arabera, 5 milioi haietatik 1, behintzat, 2021 baino lehen inbertutu behar zen, eta gainerakoak 2022 eta 2027 bitarteko epean. Arriolak eta Asensiok aurkeztu duten akordio-zirriborro berrian, berriz, 2021 baino lehen inbertitu beharreko milioi hori ere ez da agertzen, eta inbertsio osoa 2027. urte bitartera atzeratzen da. Saneamendu-proiektuetan atzerapenak kronikoak direla kontuan izanda, lasai asko esan daiteke Ziako errekako saneamendua ia-ia sine die atzeratzen dela.

    Aurrean ikusten den lekuan lurperatzen da erreka eta lurpean batzen dira hondakin gehienak.

    Argazkian ikus daiteke erreka lurperatzen den lekua . Lurpean doala batzen dira ur beltz gehienak.

    Argazkian ikus daiteke lerreka  lurperatzen den lekua eta lurpean doala batzen dira hondakin gehienak.

    Beraz, Eusko Jaurlaritzari 2007an hartutako konpromisoa lehenago betetzera ezerk bultza egiten ez badio, Ziako errekak ur zikinak Oriara zuzen-zuzenean isurtzen jarraituko du beste hamar urtez, behintzat.

    Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak, Ziako errekak Aranaztegi, Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Extremadura, Gabriel Aresti, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. Are gehiago, 2012an URAk egindako aurreproiektu baten arabera une hartan 8100 biztanle baliokideren (3500 biztanle + 4600 industrigunetakoak) ur zikinak isurtzen ziren Ziako errekara. Aurreikuspenen arabera, hurrengo urteetan biztanle kopurua mantenduko zela  baina industriguneen garapenarekin hauen isurketa 6800 biztanle baliokidera igoko zela. Bada egoera horretan gaudela esan dezakegu, beraz, Ziako erreka 10.300 (3500 biztanleriarenak + 6800 industriguneetakoak) biztanle baliokideren ur zikinak jasaten ari da une honetan. Eta industriguneak handitzeko asmoa aztertzen ari da Udala. Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra, baina bai larriena, zalantzarik gabe.

     

    Lurpean sartzen denetik Oriaratzen den arte hondakin 10.000 biztanle baliokideren hondakinak  biltzen ditu.

    Lurpean sartzen denetik Oriaratzen den arte (argazkian aertzen den bezala)  10.000 biztanle baliokideren hondakinak biltzen ditu.

    Kontuan izan behar dugu, 2007-2011 akordioaren helburua 2000 eta 15000 biztanle bitarteko herrien saneamendu arazoak konpontzea zela eta konpromezu hori ez betetzeaz gain, denbora pasa ahala, arazoa gero eta handiagoa eta garestiagoa bihurtzen ari da. Bide batez, dirua ez dela arazoa uste dugu, izan ere, egun alferrikako zenbait egitasmotan dirua xahutzen ari da Jaurlaritza, AHT-a buru dela, ezinbestekoak diren beste egitasmo hauek  bazterrean utziz, ia ahazteraino.


    Partekatu - Compartelo