Lezoko moilako sute handia gertatu eta urtebete geroago, herritarrek ez dute informazio gehiago haren kausa eta ondorioei buruz, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik
2019-08-02
Partekatu - Compartelo
Iaz, abuztuaren 2an, Pasaiako Portuko Lezoko moilan sekulako sutea piztu zen txatarra deskargatzen ari ziren bitartean (auto birrinduak, inportatu ohi direnak birziklatzeko). Hodei toxikoa hamarnaka kilometotan zabaldu zen kostan barrena. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun eta Osasun sailek badia inguruko udalerrietako bizilagunei (Donostiako Mirakruz eta Ulia auzoetakoei ere) badaezpada etxeko leihoak ixteko eskatu zieten, txatarrari eta txatarrari atxikitako hondakin ez metalikoei zerien kearekin ez pozoitzeko. Airearen kalitatea behatzeko Lezon dagoen estazioak egun hartako zenbait momentutan onartutako gehinezko PM10 partikula-kopurua hirukoiztu egin zela erregistratu zuen.
Ondorengo egunetan, berriz, Portu Agintaritzak zein Eusko Jaurlaritzak lasaitasun-mezuak zabaldu zituzten: den-dena kontrolpean zegoen; sutea ustekabekoa izan ze, temperatura handien ondorio; txatarrak baldintzak betetzen zituen; protokoloa uneoro behar bezala bete zen, eta ez keak ez sutea itzaltzeko erabilitako urak ez zutela eraginik izan ez herritarren osasunean ez ingurumenean.
Hainbat herritarrek, orduan, Portuan segurtasun-falta dagoela salatu zuten, eta hainbat informazio kezkagarri zirkulatu ziren, baita komunikabideetan ere. Esaterako, txatarrak (auto birrinduak) araudia ez zuela betetzen.
Gauzak horrela, Ingurumen Fiskaltzak ikertzeari ekin zion, ofizioz ekin ere. Are gehiago, Badian Bizi herri plataformak ikertzeko eskaera egin zionean, Fiskaltzan, hasieran, ez zuten eskaera-idatzia hartu nahi, beharrezkoa ez zela argudiatuta, ikerketa martxan zegoelako. Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behineko diligentziak ireki zituen. Baina, salaketa aurkeztu zuten herritarren artean egonda ere, ez dugu orain arte berririk izan. Diligentziek bere bidea jarraituko dutela pentsatzen dugu.
Nolanahi ere, urtebete geroago, herritarrek ez dute sute haren kausei eta ondorioei buruzko informazio gehiago, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik, gauzak, neurri puntualen bat edo beste kenduta, zeuden bezala jarraitzen dutelako. Erre zen txatarrak ere moilan bertan jarraitzen du (ikerketagatik izango da, noski).
Gizarteak gero eta gardentasun gehiago eskatzen duen honetan, urtebete geroago horrela egotea ez da seinale ona. Beharbada urteurrena aukera aproposa izan daiteke erakunde guztiek (udalak eta Aldundia barne) urte honetan zer egin duten azal dezaten.