Salatu dugun bigarren zabortegia Ugarte kalean dago. Ikus bideoa. Bideoaren bigarren zatian (eta argazkian) espaloi gainean ageri diren hondakinak guk bildu ditugu, ageriago gera daitezen, eta, ikus daitekeen bezala, edukiontzietatik oso-oso gertu daude. Beraz, hondakinak nonahi botatzeko inoiz ez badago aitzakiarik, are gutxiago kasu honetan.
Hirugarren zabortegia Juin Txiki poligonokoa da. Kasu honetan, bideoa orain dela hiru bat hilabete ateratakoa da. Espaloi gaineko hondakinak handik errekaraino jaisten den maldan egin genuen garbiketa baten ondorio dira. Hondakin horiek ikusgai egon ziren eliz atarian ekainaren 11 eta 14 bitartean, betiere herritarron kontzientziazioa helburu. Bada, geroztik hiru bat hilabete baino ez dira pasatu eta malda hori berriz ere hondakinez beteta dago. Hondakin gehienak plastikoak dira, baina denetatik dago, baita garbigailu bat ere.
Hondakinak kontrolik gabe nonahi botatzea, gaizki, baina ibaira edo ibai-ertzera botatzea ia are okerrago, urak errazago kutsatuko direlako eta, gainera, uren bidez, berandu baino lehen itsasora iritsiko direlako. Espantuka aritzen gara ozeanoan kontinente baten adina azalera duen plastiko multzo bat badagoela entzuten dugunean, edo hango edo hemengo hondartzak hondakinez estalita ikusten ditugunean. Baina ez omen gara gauza irudi horien eta geure egunero praktiken arteko loturarik egiteko.