Albistea

  • Eguzki: “Ez da egia Metroak isurketa bakarra egin duenik, ezta Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik ere”

    2020-02-26
    Partekatu - Compartelo

    Metroko obretatik, Morlansetik, Urumeara eginiko isurketa baten irudia.

    Metroko obretatik, Morlansetik, Urumeara eginiko isurketa baten irudia.

    Metroak eginiko isurketa kutsakorrei buruz erakunde ofizialek herritarroi helarazten ari zaizkigun informazioak direla eta, Eguzkik honako hauek jakinarazi nahi ditu:

    –         Eusko Trenbide Sareak esan du isurketa bakarra egon dela, Urumean Lehendakari Agirre zubi parean erregistratutakoa. EZ DA EGIA.

    –         EZ DA EGIA Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik eta ahalmen hori URAri soilik dagokionik.

    Goazen puntuz puntu…

    Eusko Trenbide Sareak “argi utzi” nahi izan du “isurketa bakarra izan dela, eta ez bat baino gehiago, aditzera eman den bezala, eta horrelako zerbait gertatu den lehen aldia dela”. Hori faltsua da. Metroak Zarautz Hiribidetik Ibaetako errekara eginiko isurketak salatu izan ditu Eguzkik, eta Eguzkik badaki isurketa horiek, bi aldiz, behintzat, OFIZIALKI egiaztatu ahal izan direla. Gainera, bietako bat, edo isurketak egiaztatutako bi horiek baino gehiago izan dira, edo bi isurketa horietan materiale pilo bat bota zuten eta materiale hori Tximistarriko kolektorean “harrapatuta” geratu da, itsasora atera ezinean (kolektorea ez da egoera onean eta horrek ere ez du lagunduko). Bata ala bestea izan, materiale horiek sarri geratzen dira agerian Ibaetako errekan, Nanogune parean, itsasgorarekin batera. Beraz, Metroak Urumean isurketa bat edo gehiago egin duen eztabaidatzen hasi gabe ere, garbi dago, ETSk esaten duenaren kontra, ez dela “horrelako zerbait gertatu den lehen aldia” izan.

    Urtarrilaren 25ean, Ibaetako urek honako kolore zurixka eta opako hau zuten.

    Urtarrilaren 25ean, Ibaetako urek honako kolore zurixka eta opako hau zuten.

    Ez da egia Udalak zigortzeko ahalmenik ez duenik, Enrique Ramos Ekologia zinegotziak esan eta Eneko Goia alkateak errepikatu dutenaren kontra. Donostiako Udalaren Ur Hornidura eta Saneamenduko Araudian, zehatz-mehatz, XII. atalean, argi eta garbi irakur daiteke arau-hauste larritzat eta, hala badagokio, oso arau-hauste larritzat kontsideratuko dela honako hau: “Isurketak indarrean dagoen legedian eta Udalak onartzen dituen arauetan adierazitako mugen eta baldintzen barruanegiteko betebeharra ez betetzea”. Beraz, URAk ezar ditzakeen eta ezarri behar dituen zigorretatik aparte, Udalak ere badu zigorrak ezartzeko ahalmenik. Bestelako kontua da Ramos zinegotziak beste aldera begiratzeko joera izatea, Belartzako eta Lourdes Txikiko eskandaluzko kasuetan gertatu zen bezala, eta Eneko Goia buru duen udal gobernuak joera hori ontzat jotzea. Ez adarrik jo, mesedez.

    Azken kontu bat (oraingoz). Lotsagarria da agintariek horrelako gertakariei buruzko azalpenen bat ematea soil-soilik herritarren salaketek ia saihestezina egiten dutenean. Eta lotsagarria ere bada azalpen hori ia beti exkulpatorio izatea. ETSk ez ezik Udalak eta URAk ere “hemen ez da ezer pasatu” ideia indartu nahi dute: lokatza baino ez da izan, toxizitaterik ez, ia garrantzirik ere ez… Zerbait pasatu da, noski, eta pasatzen ari da. Pasatu da, alde batetik, legez kanpoko isurketak izan direla, ingurumenari gutxi edo asko baina eragin, eragin diotenak. Bestela, zergatik daude legez behartuta isurketa horiek guztiak biltzera eta depuratzera? Pasatzen ari da, bestetik, Metroa diru publikoz ordaindutako obra publiko handia dela, eta obra publiko handi hori ingurumen-arauk behin baino gehiagotan urratzen ari dela, eta pasatzen ari da arau-urratzeak zorrotz begiratu beharko lituzketen erakundeak, horiek ere publikoak, urratze horiei garrantzia kentzera dedikatzen direla. Hori guztia pasatzen ari da, eta ez da gutxi.

    EGUZKI, 2020ko otsailean


    Partekatu - Compartelo