Osasun zentroetan erabilitako materiala botata aurkitu du Eguzkik Azpeitian, Urola ertzean
2020-03-07
Partekatu - Compartelo
Otsailaren 10ean Eguzki ohartu zen tamaina handiko lau poltsa beltz zeudela Urola ibaian, Azpeitiko anbulatorioaren atzean dagoen zubiaren azpian. Ibaira jaitsi eta poltsetan erabilera sanitarioko materiala zegoela ikusi ahal izan genuen, besteak beste, (orratzik gabeko) plastikozko xiringak, espekuluak (ginekologian erabiltzen dira), eremu esterilak, hatsa probatzeko poltsak eta botiken pote txikiak. Ikus bideoa:
Egun berean egiaztatu ahal izan genuen anbulategitik kanpo dauden bi edukiontzietako batek tapa zatituta eta kisketa hautsita egoteko zantzuak zituela.
Udalak, berriz, esan digu hainbat salaketa jaso dituela urtarrilaren 8an, larunbatean, osasun-zentrotik oso gertu, kaleko altzarietan-eta triskantzak egin zirelako. Baina, egia esan, guk ez dakigu triskantza horiek lotura duten Urolan aurkitu ditugun poltsekin.
Anbulategitik material mota hori kanpoko edukiontzietara ateratzen da hondakin patogeniko, infekzioso edo biologikoki kutsatuak ez direlako. Baina ohartarazi nahi dugu inozoarena egiten ibiltzea, zabor-poltsak manipulatzen, barruan zer duten jakin gabe, egunen batean garesti atera dakigukeela.
Nolanahi ere, ez dakigu nola moldatzen garen, baina azkenean den-dena ibaira botatzen dugu.