Albistea

  • Legazpiko industrialdetik Urolara zaborraren arazoak konponbide beharrean jarraitzen du

    2020-09-10
    Partekatu - Compartelo

    legazpiLegazpiko industrialdetik Urolara eroritako hondakin-bilketa egin dugu Eguzkikook, ibai-ertzek puntu horretan duten abandonu-egoera tamalgarria bistaratzeko. Zehazki, aparkaleku parean aurkitu dugun zaborra atera dugu, baita hormetan hazten den landaretzatik zintzilik zegoena ere. Ez guzti-guztia, noski, zati bat baizik.

    Emaitza ezin argigarriagoa eta, neurri berean, etsigarriagoa izan da. Ibaitik bildu dugun materiala hiri-hondakin solidoak dira. Agerikoa da aparkalekutik ibaira iritsi direla hondakinak arduragabe erabiltzeagatik, asfaltoan utzita, eta, ondoren, haizeak bultzatuta, besteak beste, ibaira iristen dira.

    Ikus bideoa: https://youtu.be/PRGcii3E1C0

    Honako hau ez da berria, ezta berezia ere. Zoritxarrez, herri guztietan gertatzen da. Izan ere, hondakinak edonon botatzeko kultura, eta gero etor daitezela Udaletxeko langileak garbitzera, garesti ateratzen ari zaie gure poltsikoari eta, batez ere, naturari.

    Horregatik, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Tolosako udalek neurri aringarri batzuk, behintzat, hartu dituzte. Zehatz-mehatz, burdin-sarea (babes) batzuk jarri dituzte barandaren behealdean, kalean (edo aparkalekuan) utzitako hondakinak “deskuidoan” ibaira eror daitezen eragozteko. Laster, Urretxuk, Zumarragak eta Ordiziak gauza bera egingo dute.

    Zestoaren kasua nabarmendu nahi genuke, Legazpikoarekin izan dezakeen antzekotasunagatik. Zestoak 335 metro lineal sare ipini ditu Urola ertzean Errotako industrialdean.

    Eremu horretako hondakinen arazoa eta konponbidea ez dira berriak Legazpiko Udalarentzat.

    Legazpiko Udalak badu arazo honen berri. Izan ere, industrialdean sare hauek ipintzeko proposamena 2019ko martxoaren 1ean erregistratu genuen. Ondoren, osoko bilkurara ere joan ginen, hura bukatu ondoren, zinegotziei horren berri emateko.

    Erakundeak behingoz jabetu behar dira dagoeneko urte asko direla Urola ibaiari eraso egiten zaiola. Urtetan erabili dugu hustubide gisa eta, gaur egun, zabortegi bat izaten jarraitzen du.

    Garbiketen aroa atzean utzi behar dugu, bide berri bat igarotzeko; konponbidearena.

    Ibaiak  garbitzea, konponbiderik bilatu gabe, ibai bat zabortegia izan daitekeela normalizatzea eta justifikatzea da, eta horretan ari gara.
    Altxor publikotik ehunka mila euro gastatzen ditugun bezala urtero gure kaleetako zaborrak biltzeko, dirua bideratzen hasi behar da ibaiak behingoz bere eskubideak berreskura ditzan, eta industrialdeak, zalantzarik gabe, aukera hori eskaintzen digu.
    Has gaitezen konponbidetik.

    Eguzki, 2020ko iraila


    Partekatu - Compartelo