Albistea

  • Urak Oikiako saneamendu-proiektua lizitatu du… hamar urte beranduago!

    2021-03-09
    Partekatu - Compartelo

    oikiaOikiako saneamendu-proiektua lizitatu egin duela iragarri berri du URA agentziak. Gaur egun, auzo honetako ur zikinak zuzen-zuzenean Urolara doaz, aldez aurretik araztu gabe.

    Momentuz, proiektua baino ez da lizitatu, ez proiektua gauzatzeko lanak, baina aurrerapausotzat jo beharko dugu, batez ere kontuan izanik hamarkada luze batez Oikiako saneamendua zeharo ahaztuta egon dela.

    Izan ere, herri-erakundeek 2007an Gipuzkoan hainbat saneamendu-lan egiteko Esparru Akordioa izenpetu zuten. Akordio haren arabera, Oikiako sanemandua, beranduenez, 2011rako bukatuta egon behar zen. Baina geroztik ez da ezer ere egin, Jaurlaritzak ez duelako bete lanok % 100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Zoritxarrez, horixe bera gertatu da beste hainbat saneamendu-proiekturekin, hala nola, Mendaro, Andoaingo Ziako Erreka, Mutrikuko Mijoa edota Pasai Donibanekoarekin.

    Orain, berriz, proiektua lizitatu duten albistea iritsi zaigu, 72.650 euroko aurrekontuarekin (gehi BEZa) eta bost hilabeteko epearekin. Eta pozten gara, jakina. Gauzatuta ikusi arte beste hamar urtez itxoin behar ez izatea baino ez dugu desio.

    URAk esan duenez, Oikiako saneamenduak ahalbidetuko du auzo honetako ur zikinak Zumaiako araztegira bideratzea, Korta industrialdeko kolektorera konektatuz. Gainera, azpiegitura berriak Aizarnazabalgo ur zikinak bideratzeko aukera ere emango du.

    Orain dela pare bat urteko informazioen arabera, lanok 3,4 milio euro inguruko aurrekontua izango dute. Behin eginda, Urolak beheko partean jasaten duen kutsadura murriztuko da eta, URAren arabera, egoerak “nabarmen” egingo du hobera.

    EGUZKI, 2021eko martxoa


    Partekatu - Compartelo