Albistea

  • Aisialdiko arrantzaren kontrola

    2021-05-17
    Partekatu - Compartelo

    Pesca recreativa

    Galerna eragin du gure kostaldean Espainiako nekazaritza, arrantza eta elikadura ministerioak, kanpo-uretan aisialdiko arrantza arautzeko Errege Dekretua onartzeko egitasmoarekin. Beste behin ere, arrantzaren erregulazioan dago koska. Ehizarekin ez bezala, arrantzarekin natur ondareari eragiten zaion kaltearekiko sentsibilizazio txikia erakusten du gure gizarteak.

    Dekretu horren justifikazioan esaten da, turismoaren eraginez, Espainian azken urteotan aisialdiko arrantzarako itsasontziak asko ugaritu direla eta ondorioz, 1999an onartutako araudia zaharkitua gelditu dela. Dekretuak Espainiarentzat esaten duena, guztiz baliagarria da Euskal Herriko kostalderako: ikusi besterik ez dago azken hamarkadatan zenbat eta ze tamainako kirol portuak eraiki diren gure kostaldean. Portu horiek jarduera ezberdina gauzatzen dituzten laketontziez bete dira: kirola, turismoa, arrantza … Legeak baimentzen du ontzi horietan turistak arrantzara eramatea, ordainduta, noski.

    Hona hemen iazko abenduan indarrean zeuden aisialdiko arrantzarako emandako baimen kopurua: 54.804 (1.702 urazpiko arrantzarako eta 53.102 ur azalekoak). Jakina da lizentziako arrantza-kopurua ez dela berdina, eta ziurrenik, gutxi batzuk gehiengoak baino askoz gehiago arrantzatzen dutela. Zenbat arrain mugitzen du, benetan, aisialdiko jarduera honek? Arrantzaeredu hau autokontsumorako da edo batzuentzat “negozioa”? Zer eragin du horrek guztiak bioaniztasunean? Nola ez da ba, justifikatuta egongo, lege berria! Pedagogia behar da aisialdiko arrantzan dabiltzanak modu arduratsuan aritu daitezen.

    Ez daude ados, ordea, neurri horiek kaltetuko dituztela dioten arrantzale “ez profesional” horiek; bisiguaren eta hegaluzearen arrantza-aukerak gutxitzeak mindu ditu, bereziki. Diote, urteroko kanpainek erakusten dutela azken espezie horren egoera biologikoa ona dela, eta beraz, Dekretu horrek ez duela oinarri zientifikorik. Baina, aisialdiko arrantzak ekonomian eta arrain-stocketan duen eragina aztertzeko Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeak 2017an argitaratutako txostenak (Research for PECH Committee – Marine recreational and semisubsistence fishing – its value and its impact on fish stocks (europa.eu)) argi dio, nahiz eta behar besteko daturik ez izan, ez dagoela ukatzerik aisialdiko arrantzak eragina badaukala kostaldeko ekosistemetan ez ezik, ekonomian ere.

    Izan ere, ez da fiskalizatzen, eguneko arrantza tradizionalari eusten dioten profesionalei konpetentzia argia egiten dion aisialdiko arrantzak mugitzen duen dirua. Kirol arrantza merkatu beltzean mugitzen den jarduera da, gutxi batzuen eskura dauden salmenta-lekuetara mugatua.

    Kontrolik gabeko kirol arrantzak, arrantza “furtiboak”, kirol arrantza bera ere kaltetzen du. Araudi zorrotzagoak ekiditeko, ezinbestekoa da, kirol arrantzaleen kontzientziazioa.

    Pandemia garaian idatzi da artikulu hau, krisi ekologiko globalaren zantzuak gero eta argiagoak diren garaian. Bioaniztasunaren 6. iraungipena ari zaizkigu ikusarazten zientzialariak. Basabizitzari kaltetzen dion jarduerarik ezin da onartu datu faltaren aitzakiarekin. Izan ere, argudio horrek, ingurumen-eraginen ezagutza ezak, izan beharko luke arrantza bezalako jarduerak mugatzeko arrazoi nagusia; bereziki, eragin horiek neurtzeko baliabideak izanda, hala nola, AZTI institutu ozeanografikoa (aipatutako txostenaren egileetako bat).

    Aisialdiko arrantzak gure kostaldeko ekosistemetan eta ekonomian dituen eraginak neurtu arte, Errege Dekretu horren alde egiteko ez ezik, Dekretu horri lagundiko dion barne-uretako aisialdiarrantza arautzeko legedi propioa sortzeko ere eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta, Aldundiei, berriz, araudia betearazteko baliabideak eta prozedurak zehazteko. Administrazioaren ardura da bioaniztasunaren eta ondare naturalaren zaintza eta kontserbazioa.

    Leo Belaustegi Alberdi eta Rafa Pérez Beristain

     

    Ondarroa 12 Miliako partaideek izenpetua

     


    Partekatu - Compartelo