Albistea

  • Busturialdeko Partzuergoak Mape erreka berriz ere urik gabe utzi duela salatu du Eguzkik

    2021-08-17
    Partekatu - Compartelo

    Irudi honek agerian uzten du emari ekologikoa ez dela betetzen. Baina irudia ez da joan den astean ateratakoa, gaur bertan ateratakoa baizik! Izan ere, joan den astean gertaturikoari buruzko salaketa egin bezain pronto, jakin dugu gaur bertan Mape urik gabe geratu dela. Partzuergoak berriz ere egin du!

    Irudi honek agerian uzten du emari ekologikoa ez dela betetzen. Baina irudia ez da joan den astean ateratakoa, gaur bertan ateratakoa baizik! Izan ere, joan den astean gertaturikoari buruzko salaketa egin bezain pronto, jakin dugu gaur bertan Mape urik gabe geratu dela. Partzuergoak berriz ere egin du!

    Busturialdeko Partzuergoak joan den astean (ETA GAUR BERTAN ERE BAI) berriz ere Mapetik hartu zuen ura, emari ekologikoa errespetatu gabe, eta, horren ondorioz, erreka lehortu egin zuen. Legez kanpoko ekintza hori oso ingurumen-eraso larria da. Kontuan izan behar da Mape Urdaibaiko Ibai Sareko parte dela, eta, halaber, Sare hori (Europar) Batasuneko Garrantzizko Leku dela, hau da, Biosfera Erreserba osatzen duten Natura 2000 Sareko guneetako bat.

    Ez da arazo puntual bat, kronikoa baizik, urtero edo ia urtero errepikatzen dena, eta ez da Mapen bakarrik gertatzen, baita inguruko beste erreka batzuetan ere. Udan, ura urritzen denean, eta ur-eskariak, aldiz, gora egiten duenean, Partzuergoak Mapera eta beste erreketara jotzen du Busturia, Mundaka eta Sukarrietako ur-hornidura osatzeko. Gainera, erreketatik ura hartu aurretik, deposituak garbitu ohi ditu, eta garbiketa horietatik ateratako lohiek ibilguan bukatzen dute, arazo ekologikoa areagotuz.

    Auzokoek behin eta berriz salatu dute arazo hori, eta zeresana duten erakunde guztiek badute horren berri. Ura Agentziak, emari ekologikoa ez errespetatzeagatik 2018an Partzuergoari isun txiki bat jarri zionean (1.500 euro), garbi esan zuen: “Resulta evidente que no se están cumpliendo las condiciones concesionales en las que se establece el caudal medioambiental que debe ser respetado en los puntos de captación”. Alegia, emari ekologikoa ez dela errespetatzen ari.

    Baina hori “evidente” bada, hori bezain “evidente” edo begi-bistakoa da urteak aurrera doazela eta arazoak konpondu gabe jarraitzen duela. Erakundeek argudiatu dute Busturiak, Mundakak eta Sukarrietak udan dituzten hornidura-arazoak behin betiko konpontzeak kostu handia duela. Beharbada. Baina harrigarria ere bada Guggenheim bezalako proiektu batean Urdaibain milioi pilo bat inbertitu daitekeela esaka ibiltzea, eta, aldi berean,  oinarrizko zerbitzua den ur-hornidura behar bezalako bat bermatzeko arazo ekonomikoak daudela esatea.

    Gure ustez, Mapen eta inguruko beste erreka batzuetan behin eta berriz eta modu nabarmenean urratzen ari da legeak emari ekologikoei buruz ezarritakoa. Hori delitu ekologikoa izan daiteke. Eta guk espresuki ikertzeko eskatu dugu.

    EGUZKI, 2021eko abuztua

    P.S. Arazoari neurria hartu ahal izateko, animatzen zaitugu ikustera auzoko batzuek iaz osatu zuten bideoa. Bertan, erreka oinarri duen ingurune ederraz gozatzeaz gain, ikus daiteke nola erreka lehorra uzten duten, putzutxo soil batzuk besterik ez geratzeraino, ibilguan dauden oztopo eta hoditeriaren irudiak ere topatuko dituzue. Hona hemn bideoa:

    https://youtu.be/XFpGmQIyBsE


    Partekatu - Compartelo