Albistea

  • Urolara uralita bota izana salatu du Eguzkik Fiskaltzan, ingurumenaren aurkako delituagatik

    2022-01-20
    Partekatu - Compartelo

    Abenduan 22an, Zetoan, Urola ibaiaren babes-eremuan botatako hainbat uralita-hondakinen berri izan zuen Eguzkik. Uralitaren salerosketa 2002tik debekatuta dago, amiantoa duelako. Amiantoa arriskutsua da, bai pertosnen bai ingurmenaren osasunerako.

    URA agentzia zein Udala jakinaren gainean ipini genituen, BAINA URALITAK HOR JARRAITZEN DU, BATETIK; ETA, BESTETIK, AIPATUTAKO BI ERAKUNDEEN ALDETIK EZ DUGU INOLAKO JAKINARAZPENIK JASO.

    Amiantoa bezalako hondakin arriskutsu bat kontrolik gabe botatzea, arau-urratze administratibotik harago, ingurumen delitua da, are gehiago ibaian edo ibai-ertzean egiten bada, urak uralitaren osagai toxikoak zabaltzea denbora kontua baino ez baita.

    Gauzak horrela, egoera Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu dugu. URAri zein Udalari gure salaketa dela eta ireki dituzten txostenak eskatzeko esan diogu. Halaber, Ertzaintzaren Ingurumen Taldeari botatako uralitaren jatorria ikertzeko eta bota duena identifikatzeko ere eskatu diogu.

    Ibaiaren babes-eremuan botatako ehunka uralita-zati.

    Ibaiaren babes-eremuan botatako ehunka uralita-zati.

    Uralita ez da Urola ertzeko paraje honetan botatako hondakin bakarra. Handik metro gutxira, gainera, segurtasun-hesi mugikor bat, palet bat, plastikozko loreontziak, hormigoizko blokeak, zulatzeko palak eta itxitura eta ezkutaketarako olanak ditugu.

    Uralita ez da Urola ertzeko paraje honetan botatako hondakin bakarra. Handik metro gutxira, gainera, segurtasun-hesi mugikor bat, palet bat, plastikozko loreontziak, hormigoizko blokeak, zulatzeko palak eta itxitura eta ezkutaketarako olanak ditugu.

    Arestian esan bezala, URAri zein Udalari eman genien hondakin hauen berri, baina ez dituzte jaso. Urtarrilaren 10ean eta 11n, euriteen ondorioz, Urola oso handituta jaitsi zen eta urak hondakinak ibaian behera arrastatzeko arriskua egon zen.

    Egia esan, gustatuko litzaiguke esatea Zestoan gertatzen dena salbuespena dela. Ez da horrela, ordea. Izan ere, hondakinak ibaira botatzea arrunta da bailara osoan. Esaterako, abendu bukaeran Azkoitian salatu genuen ibaira botatako hainbat plastiko, nekazaritzan erabiltzen direnetakoak.

    Azkoitian Urola ibaira isuritako nekazaritzako hondakin plástikoak.

    Azkoitian Urola ibaira isuritako nekazaritzako hondakin plástikoak.

    Gure salaketan garbi utzi genuen: “Une honetan, Urolatik eta bere adarretatik plastiko pilo bat atera genezake, plastikoa ibaira botatzea oso arrunta baita, herri guztietan, gainera. Eta egiten badute, egin dezaketela ikasi dutelako da”.

    Legazpin gauza bera. Iazko ekainaren hasieran Ibarrola errekaren egoera salatu genuen. Bada, urte bukaeran hondakin gehienek errekan bertan jarraitzen zuten.

    Ibarrola erreka. 2021eko ekainean ateratako argazkia.

    Ibarrola erreka. 2021eko ekainean ateratako argazkia.

    Badira, ibai eta errekak hondakinetatik babesteko lege, arau eta ordenantzak. Halaber, administrazio bakoitzaren konpetentziak garbi azalduta daude. Bada, nahita eta batere kontrolik gabe egindako isurien aurrean, Zestoako kasuan bezala, nork hartu behar ditu neurriak ingurua lehengoratzeko? Garbi dago: URAk, Urola Erdiko Mankomunitateak eta Udalak. Eguzki apalditik ari da salatzen hondakinak ibaira botatzea eguneroko ogi dela. Maiatzean, txabola baten eraikuntza-hondakinak salatu genituen; uztailean, isuri bat Sastarrain errekan; irailean obra-hondakinak eta industria-hondakinak babes-eremuan; azaroan, gehiago. Hona hemen azken salaketaren zati bat: “Herri-erakundeek gure abisuari muzin egin diote. Guk atera izan ez bagenitu, urak hondakin hauek arrastatu eta horietako batzuk dagoeneko kostan egongo lirateke”. Nekez ahaztuko dugu azaroaren 29an hondakinak ibaitik euripean ateratzen bili gineko hura. Esan beharra dago aipatu ditugun hondakin ahuek guztiak ehunka metro batzuren eremuan daudela.

    Beraz, ibaia zabortegi moduan erabiltzen ari delako, Eguzkik, beste hainbat herritan egin duen bezala, ibaiaren gaineko segimendu-plan bat martxan jartzeko eskatu du, ibaiaren eta erreken ingurumen kalitatea bermatzea helburu.

    Gure ustez, hemen bi arazo daude. Batetik, ingurumen-kulturarik gabeko herriaren sektore bat, hondakinak botatzen dituena, eta, bestetik, eskumenak dituzten administrazioen utzikeria. Horregatik administrazioak ere salatzen ditugu, beraien eginkizunei uko egiteagatik.

    Eguzki, 2022ko urtarrilean


    Partekatu - Compartelo